Irailaren 3tik 25era egongo da zabalik erakusketa.
Vital Arte Lehiaketaren 2019ko edizioko artista irabazleek beren lanak jarri dituzte ikusgai talde-erakusketa batean, Vital Fundazioa erakusketa-zentroan. Arabako artistei zuzenduta dagoen lehiaketa honek herrialdeko kultura sektorea bultzatzen laguntzea du helburu, zehazki, pintura, eskultura, argazkilaritza eta bestelako tekniken diziplinetan. Irailaren 25era arte egongo da ikusgai erakusketa.
Edizio honetan 132 lan aurkeztu dira denetara, guztiak berriak, originalak, argitaratu gabeak eta gai eta teknika librekoak. Horietatik 80 baino gehiago pintura kategorian kokatu dira, 19 eskulturan, 17 argazkigintzan eta beste 14k beste teknika artistiko batzuen alde egin dute.
Guztien artean, 1.500 euroko hiru sariak honela ematea erabaki du epaimahai profesionalak: Javier Berasaluceri Porvenir argazki-lanagatik, eta Peter Sojka eta Brayan Chipanari La visita (Naustevnici) eta En la memoria olioengatik, hurrenez hurren.
Sariak barne hartzen du, halaber, Vital Fundazioak saritutako obren egileei erakusketa-areto bat lagatzea, 2020ko programazioan talde-erakusketa bat egiteko. Hortaz, hilaren 25era arte, Berasalucek, Chipanak eta Sojkak euren lanak jendaurrean erakusteko aukera izango dute.
Vital Fundazioa erakusketa-zentroan (Posta 13-15, Vitoria-Gasteiz) egongo da ikusgai erakusketa, astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era. Sarrera doakoa izango da.