2021ean ez da Korrikarik izango

AEK-k 22. edizioa 2022ko udaberrira atzeratzea erabaki du.

“22. Korrika 2022. urtera atzeratu dugu. Erabaki latza, euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu”, adierazi du Asier Amondo Korrikako arduradunak, San Telmo museoan egin duten agerraldian. “Korrikak helburu ekonomiko zehatza dauka, AEK-ren euskaltegietako lana indartzea, esaterako, eta atzeratzeak kalte egingo dio lan horri, zalantzarik ez”, gaineratu du Amondok

Azken hilabeteotan ere, gauzak ikaragarri aldatu direla nabarmendu Korrikako arduradunak. “Pandemiak mundu osoa kolpatu du eta ez dirudi epe motz-ertainean erabat kontrolpean izango denik. Egoera uste genuena eta nahi genuena baino askoz okerragoa da orain”. Hori dela eta, AEK-n Korrika bezalako ekimena atzeratzea hobetsi dute, besteak beste, pandemiaren barruko transmisioa ahalik eta gehien murrizteko. “Korrikaren atzerapenak hutsunea sortuko du, baina Korrika bera horren garrantzitsua izanik, beharrezkoagoa da Korrika denok desiratzen ditugun baldintza hobeetan egitea. Une honetan, ez dugu ordezko eskas bat nahi. Izan ere, euskarak bezala, Korrikak kalea behar du, bizia, mugimendua. Eta hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera ateratzen direnek. Denbora gehiago hartu nahi dugu, normalitate berria nondik nora joango den ikusteko, etorkizuna hobeki ezagutzeko, eta, ondo bidean, egoera hobetzen bada, denok desiratzen dugun Korrikara iritsiko gara, 2022. urteko udaberrian”, adierazi du Amondok.

Alizia Ibarren, AEK-ren koordinatzaile nagusiak bere aldetik, Korrikarik ez izateak, baina, ez gaituela geldiaraziko azpimarratu du eta unea baliatu nahi izan du jendeak martxan den 2. Euskaraldian parte har dezan; “Belarriprest edo Ahobizi izan gaitezen animatu nahi dugu Korrikazale oro”.

Gainera, hartu behar izan duten erabakiaren ondorioz, kolpe ekonomiko handia pairatuko dutela azaldu du. “Ezinbestekoa da helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea, Euskal Herri osoak behar-beharrezkoa du-eta”, azpimarratu du Iribarrenek. Administrazioari dagokionez, “euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian. Alabaina, egoera ekonomiko zailagoan izango bagara ere, berretsi nahi ditugu AEKide guztion konpromisoa eta lana. Oso gogorra izan da atzeratzeko erabakia hartzea, zinez, baina ziur gaude goiari helduko diogula eta Korrikara inoiz baino indartsuago itzuliko garela”.

Bitartean, lanean arituko direla azpimarratu dute, “euskaltegietara hurbiltzen ari zaizkigun milaka lagunek eskolak modurik eragingarrienean ikas ditzaten, eta egunero, goizetik gauera, jarraituko dugu mintzapraktika-egitasmoak abian, normalizazio-planak, itzulpen- eta zuzenketa-lanak, hilero argitaratzen dugun Aizu! aldizkaria eta abar egiten; lanez lepo ibiliko gara, euskarak toki handiagoa har dezan”.

Zabaldu: