Gernika kontzertuan disko bikoitza ere aurkeztu du gaur Orioko bardoak. Lan berri honek 2023ko azaroaren 11n Gernikako Jai-Alai pilotalekuan eskainitako zuzeneko hunkigarria jasotzen du.
‘Gernika kontzertuan‘ izeneko disko bikoitzaren aurkezpenarekin batera, Benito Lertxundik 60 urteko kantagintzari amaiera emango diola iragarri du gaur, Gernikan bertan egin duen prentsaurrekoan. “Urte honen hasieran, erabakia jada hartua zegoen nire baitan. Hala, nire bidelagun izan diren musikari eta teknikariak bildu nituen eta erabakia bota nien”, azaldu du. “Behar duzun hori galdu nuen duela lau urte. Ez dakizu esaten zer den, baina zera hori behar duzu”, gaineratu du musikariak.
Agertokiak behin betiko uztea erabaki duen arren, Lertxundik ez du baztertzen beste forma batzuetako musikari eta arte-sorkuntzari lotuta jarraitzea.
Gernika kontzertuan diskoa
Lan berriak 2023ko azaroaren 11n Gernikako Jai-Alai pilotalekuan eskainitako kontzertu hunkigarria jasotzen du, eta Lertxundik adierazi duenez, “entzuleekin izan dugun harremanaren adierazgarri bikaina da”.
Orioko bardoaren errepertorioa biltzen du diskoak. Orain arte inoiz grabatu ez diren pasarte instrumentalak eta baita Ez nabil ezeren bila abesti argitaragabea ere, orotara 29 abesti dira.
Azken lan hau www.benitolertxundi.com webgunean, ohiko salmenta guneetan eta plataforma digital guztietan dago salgai CD eta binilo formatuetan. Abenduaren 5ean abiatuko den Durangoko Azokan ere eskuratu ahal izango da diskoa.
60 urteko ibilbide oso baten hastapenak
Benito Lertxundi Esoain Orion jaio zen, 1942ko urtarrilaren 6an. Bera izan zen sendi apal bateko bederatzi anai-arrebetatik azkena.
Jaiegunetan, familia bildutakoan kantatzen bazuten ere, ez zen musikaririk haien artean. Benitok berak ere zaletasun haundiagoa zekarren marrazkietarako, herrian zen organojole bati entzuten egotea ere gustatzen zitzaion arren. Garaiko erdal irakaskuntza hura ez zuen batere begiko, eta herriko eskola bukatutakoan Zarauzko Arte eta Ofizio Eskolan hasi zen, frantziskotarrenean. Han buztina eta egurra lantzen ikasi zuen, eta bide horretatik lortu zuen lehenengo lana, tailugile gisa alegia, zenbait sari irabazteaz gain.
Hemeretzi urte zituela, Martin Lizasoren erloju dendan hasi zen lanean. Erlojuak konpontzen ikasteaz gain, Lizasok utzitako gitarra batekin hasi zen Lertxundi, hura afinatzen eta jotzen. Hurrengo pausoa gitarra elektriko bat erostea izan zen. Erloju dendan bertan jotzen zuen, bazkalondoan, zabaldu aurretik, bere gustuko kantarien bertsioak egiten eta euskaratuz: Shadows, Cliff Richards, Elvis Presley…
Urte haietan lehen disko txikiak argitaratu zituen. Lehen EPan (Cinsa/Edigsa, 1967), oraindik ere asko entzuten diren bi kantu ezagun zeuden (Zenbat gera, Loretxoa), eta horiekin batera, Lertxundik idatzitako Egia eta Egun sentia. Bigarren disko txikia urte berekoa da (Cinsa/Edigsa, 1967); horretan, Xabier Leterekin egindako bi kantu agertzen dira: Bihar itxaropen eta Gazte sentimental. Horrez gain, Lertxundik konposatutako Gure bide galduak.
1971.urtean Ez Dok Amairuk Baga Biga Higa sentikaria estreinatu zuen, eta urte hartan bertan lehen disko luzea argitaratu zuen: Benito Lertxundi (Herri Gogoa, 1969). Aurretik ateratako single bilduma zen, gitarra hutsez abestua; maitasuna eta garaiko egoera soziala uztartzen zituen Lertxundi gazteak.