Korrikak haien egoera ezagutzera emateko bozgorailua izan nahi du.
Korrikako ordezkariak atzo arratsaldean bildu ziren Azterketak Euskaraz kolektiboko kideekin Hondarribiako Itsas Etxea Auditorioan. Bertan, kolektiboa omentzeko ekitaldia egin zuten eta Lander Garrok zuzendutako Oihaletxea dokumentala ikusi zuten ondoren bertaratutakoek.
Ekitaldian azaldu zutenez, “euskara da Azterketak Euskaraz kolektiboaren aldarria, Korrikarena bezalaxe. Ikasle horiei, beren bizitzako une erabakigarri batean, baxoa eta brebeta egiteko orduan, azterketek sortutako berezko ezinegonari beste zama bat inposatzen diete: ikasketetan erabili ez duten hizkuntzan aritzea, frantsesez alegia. Hala ere, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin eta egiten dute, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik, beren notetan kalteak onarturik”.
Korrikak, aitortza xume honen bidez, haien egoera ezagutzera emateko bozgorailua izan nahi du. Korrikako arduradun Ane Elordik aipatu bezala, “Euskal Herri zabalean, eta hemendik kanpo ere, mundu guztiak jakin dezala gazte hauek, egun, ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu hori beren hizkuntzan egin; eta, bidegabekeria horren aurrean, pausoak ematen jarraituko dutela”.
Seaskako Lehendakari Peio Jorajuriak, bere aldetik, Bizkarsoro filmari (Josu martinez, 2023) erreferentzia egin zion, bertan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egunero bizi izaten den errealitatea dela aipatuta: “XXI. mendean, Euskal Herria herri ukatua da; euskara, zangopilatua”.
Beskoitzeko ikastolaren afera ere salatu zuen: “Auzapez puxant batek 51 haur ikastolarik gabe utz ditzake, kale gorrian, egun batetik bestera. Zergatik?”.
Oztopo eta traba guztien gainetik, euskararen ofizialtasuna eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu zituen: “Harro hadi Euskal Herri, ikastolak antikonstituzionaltzat dituen legearen aitzinean. Harro hadi Herri, ofizialtasuna ukatzen diguten hautetsien aitzinean. Harro Herri, haurrei beren hizkuntzaz mintzatzea eta idaztea debekatu nahi dieten errektore eta agintari zapaltzaileen aitzinean”.
Elorri Falxa Manex Erdozaintzi-Etxart ikastolako irakasleak aipatu zuen administrazio frantsesak irakasleria konplize nahi duela hizkuntza-zapalketan. “Brebeta euskaraz egitearen aldeko borroka irabazi genuen, baina orain Baxoaren tenorea da: Ikastolak, hautetsiak, jendartea… herri oso baten sustengua beharko dugu borroka hau ere irabazteko”.
“Ikastoletan, berdintasun-, errespetu- eta elkartasun-balioetan heziak izan gara”. Azterketak Euskaraz kolektiboaren izenean, Maika Gueiçanburu ikasleak aitzineko belaunaldien lana azpimarratu zuen: “Zonbaitetan, kantuz eta dantzan egin diogu aurre inposizioari; beste batzuetan, okupazio- eta desobedientzia-ekintzekin; baina, beti, maitasunarekin, gure aitzindarien bideari jarraikiz”. Egungo ikasleak lekukoa hartzeko prest daudela adierazi zuen Gueiçanburuk, “Korrikan bezala, lekuko hori beste belaunaldiei pasatuko diegu, harik eta Euskal Herri euskalduna lortu arte!”.
Oihaletxea dokumentala
Lander Garrok zuzendu du ikus-entzunezkoa. Ordu-erdi pasatxoko iraupena du, eta Azterketak Euskaraz kolektiboa osatzen duten Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak jasotzen ditu. “Korrikak eta Azterketak Euskaraz taldeak badute zerbait komunean, guztiontzat begi-bistakoa denaz aparte: biak jaio ziren desagertzeko bokazioarekin. Bi ekimenak maite ditugu, baina ez dute irauteko bokaziorik, biak sortu direlako anomalia baten ondorioz; zerbait injustua aldatzeko”, adierazi zuen Garrok eta Oihaletxea metafora bat dela ere azaldu zuen, “euskara irudikatzen duen metafora, alegia. Gu oihaletxe edo oihal-etxolaren barnean gaude, eta euskarak babesten gaitu. Gure babeslekua da euskara/oihaletxea, baina kanpoko elementuen (haizea, hotza, ekaitza) mende gaude. Guk oihaletxeari tinko eusten diogu, desager ez dadin. Era berean, ez dugu oihaletxea indartzeko denborarik; izan ere, etengabe kanpoko elementu horien kontra ari garenez, eskuartean duguna atxikitzen dugu”.
Oroigarri-banaketa
Azterketa Euskaraz kolektiboaren lana aitortzeko, AEK-k oroigarri bana eman zien Estitxu Robles, Xalbador, Manex Erdozaintzi-Etxart, Piarres Larzabal eta Kattalin Elizalde kolegioetako ordezkariei, zein Bernat Etxepare lizeokoei. Ane Elordik, txalo-zaparrada artean adierazi zuenez, “egiten ari zareten borroka gogorra izan da, eta izaten ari da. Izan dadila oroigarri xume hau egindako lanaren aitortza; AEKren partetik, gure esker ona, euskaldunon eskubideen alde lehiatzeagatik”.