Artelanak kapitalismoaren ingurukoak dira, eskubideen murrizketei buruzkoak, murgildurik gauden hizkuntza belizistari ere erreparatzen diote, eta, horrela, pentsamendu kritikoa indartzen dute.
“Jendarte osoa bere etxeetan giltzapetuta mantentzen duen konfinamenduak adierazpen artistikoa garatzeko beharra are indartsuagoa izatea eragin du”, diote ARTgia gunekoek. Errealitate hori agerian geratu da Gasteizko aretoak deituriko #ARTdemia deialdiarekin: lehenengo deialdi birtual honetan, bost egunetan 78 proposamen aurkeztu dira eta epaimahaikideek horietatik 30 hautatu dituzte. “Deialdi publiko bat egiteko gogo handia genuen, hemengo artistei zuzendua eta Euskal Herrian sortzen dena balorean jartzeko eta erakusteko asmoarekin. Tokikoan lupa altxatzea, kontzeptuari zentzu zabalagoa eskaintzea izan da gure apustuaren xedea”.
Parte hartzaileen kopurua espazioaren baldintza ekonomikoek markatu dutela diote antolatzaileek. “Bi arrazoik bultzatu gaituzte deialdi hau egitera”: Bizitzen ari garenaren moduko une historiko batean adierazpen-premia handia eta hemengo artisten errelatoa jasotzeko nahia, “kultur ekosistemak bizi duen krisia mahaigaineratu nahi izan dugulako”, azaldu du Begoña Lopez de Aberasturik.
Aukeratutako artisten gehiengoa arabarra da, 7 bizkaitarrak, 4 gipuzkoarrak, bi lapurtarrak eta beste bi nafarrak. Horietaz gain, Marco Sanz artista katalanaren proiektua ere onartzea erabaki du epaimahaiak, Euskal Herriarekin lotura handia duelako. Artista bakoitzak ikuspegi batetik sortu du bere obra. “Lehenengo aldia da guztiak egoera berean gaudela. Egoera sozioekonomikoak bereizten gaitu, noski, baina etxean gaude denok. Artelanak kapitalismoaren ingurukoak dira, eskubideen murrizketei buruzkoak, murgildurik gauden hizkuntza belizistari ere erreparatzen diote, eta, horrela, pentsamendu kritikoa indartzen dute”. Azken batean, “Jendarte kultu, aktibo eta heriotzari beldurra zabaltzeari aurre egiteko modu baten aldeko apustua da. Utopia eta distopien arteko kontakizuna proposatzen duen erakusketa”.
Hala, Orain arte abiatutako deialdietan inoiz parte hartu ez duten artistak dira gehienak. “Batzuk konsagratutako artistak dira, Jokin Oregi edota Bergarako street art, kasu; Javier Berasaluze argazkilari ospetsuaren moduan ala Edurne Herran Berlinen bizi den artista gasteiztarraren kasuan bezala. Badaude ere etorkizunean -eta dagoeneko- zeresana emanten ari diren artistak ere, tartean Uxue Bereziartua, iF Matxikote edo Barbara Gragirena, adibidez”. Deialdiak, gainera, Enebada!, Kultur ACT kultur elkartea eta ARTgia eragileek lantzen duten betekizuna betetzen du: feminismoarekiko eta genero ikuspegiarekiko konpromisoa.