Balea Zuria argitaletxeak sei euskal poetaren antologia aurkeztu du

Peru Magdalena, Jon Benito, Hasier Larretxea, Ione Gorostarzu, Iñigo Astiz eta Beatriz Chivite poeten testuak aukeratu dituzte Bidea eta zauria izeneko liburu honetarako.

Balea Zuria argitaletxeak 1980tik aurrera jaiotako sei euskal poetaren lanak biltzen dituen Bidea eta zauria (2000-2019) antologia aurkeztu du Donostian. Jon Kortazar eta Paloma Rodriguez Miñambres arduratu dira liburuaren edizioaz eta liburuko testuak aukeratzeaz, Badajozen argitaratzen den Suroeste aldizkariko Antonio Saez Delgadok 2020an egindako eskari bati erantzunez.

Haien esanetan, bi bertute nabarmen ditu antologia honek: batetik, poeta gazteak eta gutxi aztertuak hautatzeko bidea eman die; bestetik, 2001etik aurrera euskal sistema literarioan poesiak egin duen ibilbidea aztertu dute. Peru Magdalena (Berriz, 1980), Jon Benito (Zarautz, 1981), Hasier Larretxea (Arraioz,  1982), Ione Gorostarzu (Berastegi, 1984), Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) eta Beatriz Txibite (Iruñea, 1991) dira aukeratutako idazleak.

Liburuaren izenburuari dagokionez, bi hitzek, Bidea eta zauria, idazketaren prozesua eta denboraren joanak eragindako samina ekartzen dute gogora. Mundua ez baita beti orekatua. “Bizi beharrak nekea eman duelako, heriotza presente dagoelako bidean”. Gizatasunaren barrenetik idatzitako poesia da, liburuaren epilogoan Felipe Juaristik esaten digun bezala. “Idazleak ehiza-zakurra behar du izan, bere garaiko aztarnak eta lorratzak usnatu eta haiei segituz galbidean ez erortzeko”.

Zabaldu: