(argazkia: U. G. Kultur Sharea)

[Bideoa] Hedoi Etxartek Sortaldekoak bere hirugarren poema liburua aurkeztu du

Ahots berri bat eraikitzen ahalegindu da Etxarte: “naturarekin dugun harremanari buruzko ahots bat, mistikarekin halako kezka bat duena, baina baita bi ildo nagusi lantzeko ere: bata genealogia da, eta bestea ontologia, alegia, nondik gatoz eta nor gara”.

Hedoi Etxartek (Iruñea, 1986) Sortaldekoak bere hirugarren poema liburua aurkeztu du Donostian. Suzko liliak (2008) izan zen lehena eta Sinplistak (2012) bigarrena. Lan berria argitaratuko duen azken-aurreko poema liburua dela aurreratu du aurkezpenean idazleak.

Liburua lau ataletan banatu du Etxartek eta ataletako bakoitza liburuaren “mikrobertsio” bat da, ez baitaude tematikoki edo kronologikoki antolatuta, bakoitzak liburuko gaitegi osoa gordetzen du bere baitan, Leire Lopez Susako editorearen arabera, “lau atal dira paraleloan eraikiak”.

Liburua sortaldekoez ari da, jende multzo batez: “sortaldeak dira liburutegiak konpartitzen dituztenak, depilatu gabe sexuaz gozatzen dutenak, greba egunetatik ahots apurtuarekin itzultzen direnak, familiakide berria izan behar zenaren ustekabeko abortua bizi dutenak, aita ospitalean laguntzen dutenak haren azken egunetan edo amatxiren argiaz gozatzen dutenak, Dragoien batailoian borrokatu zirenak Intxortan, zakurra paseatzera atera eta haren heriotzan pentsatuz negar egiten dutenak”, dio Lopezek.

Ahots berri bat

Aurreko bi liburuetan bezala, ahots berri bat eraikitzen ahalegindu da Etxarte: “naturarekin dugun harremanari buruzko ahots bat, mistikarekin halako kezka bat duena, baina baita bi ildo nagusi lantzeko ere: bata genealogia da, eta bestea ontologia, alegia, nondik gatoz eta nor gara”.

Egileak Emily Dickinson, Edna St.Vincent Millay, Sharon Olds eta Louise Gluck poetak aipatu ditu, eta hauekin genealogia bat osatu duela dio, bere burua bertan irakurtzeko.

Genealogia literario hauek, baina, ez dira liburuak biltzen dituen bakarrak, badira baita ere amatxi Pilarren aurrekoak eta ondorengoak lotzen dituena, lagunek osatzen dutena, edota bikotekide ohiena.

Zabaldu: