Aurtengo edizioa abenduaren 18an egingo da Atarrabian. Gainera, antolakuntza 2022ko uztailaren 29 eta 30ean bi eguneko jaialdi bat prestatzen ari da.
“Ez dago beste hitzik. Sarrerak ordu eta erdian agortu dituzue. Horrelako elkartasun erakustaldi baten aurrean mutu geratzeko arriskua dugu, baina ezin. Ezin eskerrak eman gabe eguna itxi”, adierazi du antolakuntzak. Iazko edizio bereziaren ostean, aurten ohiko formatura itzultzeko asmoa agertu zuten antolatzaileek pasa den asteko ostegunean. “Hau guztia, inoizko egoera berezienean eta inoiz baino informazio gutxiagorekin”, azpimarratu dute.
Aurtengo Hatortxu Rock jaialdian parte hartuko duten talde eta bakarlariak iragarri gabe agortu dira sarrera guztiak, “gure kartelean oraindik ez da musika talderik ageri, baina argi dago zeintzuk diren urtero gure kartelburuak: euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta haien senideak. Gure kartelaren, gure lanaren, gure auzolanaren zergatia”.
“Kartelak eta edizioak eta behar den guztia ateratzen jarraituko dugu azken euskal errepresaliatuko politikoak etxerako bidea bete arte. Ez ahaztu bide horretan zu, zuek behar zaituztegula. Ez dugula aske izaterik haiek gabe. Eta Hatortxuk ez duela izaterik zuek gabe. Beraz, elkartasun erakustaldia hau abenduaren 18an borobildu beharko dugu eta auzolanean behar zaituztegu”.
Abenduko jaialdiaz gain, antolakuntza 2022ko uztailaren 29 eta 30ean bi eguneko jaialdi bat prestatzen ari gara, “azken urtean antolatu ezin izan diren ekimen guztiak kontuan hartuta eta dispertsioaren aurkako borrokan dagoen beharra aztertuta, uztailean zita berezi bat antolatzeko lanean ari gara. Oraingoz asko aurreratu ezin dezakegun arren”.