Irati Jimenezen 'Ogia eta zirkua' liburuaren aurkezpena (argazkia: Kultur Sharea)

Iruñeko Karrikiri elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu datozen asteetarako

Uxue Alberdiren Dendaostekoak, Jakoba Errekondoren 2022 Ilargia eta landareak agenda – Baratzea ·Fruitu baratzea · Lore baratzea · Basoa eta Irati Jimenezen Ogia eta zirkua eta Begiak zabalduko zaizkizue – Literaturari buruzko elkarrizketa bat liburuak aurkeztuko dituzte.

Hiru liburu aurkezpen eta irakurketa dramatizatu batekin osatu du azarorako jarduera programa Iruñeko Karrikiri elkarteak eta dendak.

Hilaren 12an, ostirala, izango da aurreneko hitzordua Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburuaren aurkezpen eta irakurketa dramatizatuarekin. Bertan, egilea bera eta Martzela Abarzuza liburu dendariak eta Itsaso Agirre antzezleak parte hartuko dute. 19:30ean hasiko da emanaldia.

Liburuari buruz antolatzaileek azaldu dutenez, “denda baten kronika literarioa idatzi du Alberdik eta, bidez batez, garai batena ere bai”. Bi dira liburu honetako protagonistak: bata jostuna, bestea brodatzailea. “70eko hamarkada bukaeran ireki zuten denda, gurasoen etxean lan egiteaz nekatuta, eta liburu politikoak eta diskoak gehitu zizkieten ordura arte erabilitako kakorratz, makina eta hariei. Marxeta mertzeria. Aitak esan zien emateko tokia tailerrari eta almazenari: “Funtsezkoa ezkutuan egiten da”. Han josten dute geroztik, han brodatzen, hantxe gordetzen dituzte mozorroak egiteko oihalak, edo banatzaileari itzuli beharreko liburuak. Dendaostean entzun dituzte diskoak lagunekin, edo abortuaren aldeko manifestazioetarako prestatu, edo mendi irteeretarako. Botoi bat josi liburu bat gomendatzen den bitartean, eta diskoak saldu txapelak brodatu ondoren. Eta, bitartean, uholdeak, atxiloketa eta atentatuak, txikiteoa, jaiotzak eta heriotzak”.

Egitarauak azaroaren 16an, asteartea, izango du jarraipena Jakoba Errekondoren 2022 Ilargia eta landareak agenda – Baratzea · Fruitu baratzea · Lore baratzea · Basoa liburuaren aurkezpenarekin, arratsaldeko 19:30ean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “bizitzarako agenda dugu honakoa, norberaren egunerokoa ilargiarekin eta lurrarekin uztartzeko erraminta baita. Landareekin egiten ditugun lanak jaso eta ikasteaz gain, agendan idatziko ditugu bakoitzak gure bizitzako hitzorduak, egin beharreko lanak, gogoan hartu beharrekoak eta gainerakoak. Aldi berean, agendan irakurri ahalko dugu ilargiaren arabera aste bakoitzean lurra nola landu baratzean, fruitu arboletan, lorategietan eta basoan: zer erein, zer landatu, nola inausi, nola tratatu, zer uzta jaso, nola txertatu…Norberaren eguneroko bizitza ilargiaren eta lurraren aroekiko irekita bizi nahi duen ororentzat, gozagarri eta jakin-min asegarri dugu agenda hau”.

Amaitzeko, azaroaren 24an, Irati Jimenezen txanda izango da. Idazle bizkaitarrak kaleratu berri dituen Ogia eta zirkua eta Begiak zabalduko zaizkizue – Literaturari buruzko elkarrizketa bat liburuen aurkezpena egingo du, arratsaldeko 19:30ean.

Ogia eta zirkua liburuari dagokionez, “uharte sekretu batean edo loriazko hiriren batean dagoen altxorraren bila doazen abentureroen espiritu euforikoaz abiatzen da saiakera liluragarri eta ezohiko hau, literaturaren lurraldeetan barna, Harkaitz Canoren Neguko Zirkua ipuin-bilduman dagoen ezkutuko eleberriaren bila, literatura maite duten irakurle guztien gozamenerako. Intrigazko nobela baten gisara proposatutako analisi literarioa daukazue esku artean, gure ipuingintza garaikidean mugarri den liburu baten eta egile baten literaturaren bihotzera egindako bidaia harrigarria”.

Begiak zabalduko zaizkizue – Literaturari buruzko elkarrizketa bat saiakerak, berriz, “behar omen lukeen hoztasunaren kontra, bero bezain sutsu ekin dio egileak euskal letren ajeak identifikatzeari eta haientzako soluzioak proposatzeari, eta berotasun horri esker orriak irentsiz darama irakurlea. Debatea piztu nahi duen liburua eta zalantzarik gabe zeresana emango duena”.

Zabaldu: