(argazkia: Durangoko Azoka)

Diziplina askotariko kultur jarduerak egongo dira abenduaren 4tik 8ra, Durangoko Azokan

Azaroaren 29tik aurrera eman beharko da izena Landako gunean eta Plateruenan sartzeko.

Durangoko Azokara hurbiltzen direnek 990 nobedade izango dituzte eskura aurtengo Landako gunean egongo diren 219 erakusmahaietan eta Azokako online dendan. Hala iragarri dute gaur Gerediaga elkarteko eta Durangoko Azokako guneetako arduradunek.

Gerediaga elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak nabarmendu duenez, “gure helburu nagusia aurtengo Azoka segurua izatea da. Bisitari eta partehartzaile guztiak eroso sentitzea nahi dugu, euskal kulturaz modu seguruan gozatzea eta guztion osasuna lehenestea”.

Landako Gunean 1200 bisitariko bost txanda sortuko dira egunero, ordu eta erdiko bisita egin ahal izateko. Azokako espazio guztietan maskara erabili beharko da uneoro, eta ezin izango da jan eta edan. Izen-emateak astelehenetik aurrera, azaroak 29, egin ahal izango dira durangokoazoka.eus webgunean.

Azokan eskura egongo den kultur eskaintzari dagokionez, edizio honetan 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta 77 bestelakoak aurkeztuko dira, abenduaren 4tik 8ra Landako Gunean edo Azokako online dendan abenduaren 3tik 7ra. Gaztelurrutiaren hitzetan, “urte zaila eta konplikatua izan bada ere euskal sortzaileentzat, badirudi uzta oparoa utzi digutela”. Azokako katalogoa Durangoko Azokako webgunean kontsulta daiteke jada.

Guztira, 165 partehartzaile izango ditu Durangoko Azokako 56. edizioak: argitaletxeak, diskoetxeak, kultur elkarteak, erakundeak, banatzaileak… Horietatik 17 autoekoizleak izango dira, 10 Durangaldekoak eta 28 lehenengo aldiz stand bat jarriko dutenak.

Durangoko Azoka abenduaren 3tik 8ra antolatuko da aurten, baina aurreko egunetan hasiko da DA! PRO egitasmoa, sortzaileak eta kultur sektoreko profesionalak harremanetan jartzeko topagunea. Abenduaren 1etik 4ra bitartean, Durangoko espazio ezberdinetan, aurkezpen, mahainguru eta hitzaldiak antolatuko dira.

Horrez gain, PortaDA! erronka jarri dute martxan Euskal Herriko ikastetxeentzat. Ikasleek euren sormena landu beharko dute euskarazko disko eta liburu baten azala erabilita. Bertan parte hartzeko epea azaroaren 30ean amaituko da.

Diziplina askotariko egitaraua

 Abenduaren 4tik 8ra Durangoko gune ezberdinetan diziplina askotariko egitaraua antolatu da. Edizio honetan bueltatuko dira Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Ahotsenea, Saguganbara, Azoka Telebista eta Talaia izeneko gune berria, Areto Nagusiaren lekukoa hartuko duena. Egitarau osoa webgunean kontsulta daiteke jada.

Szenatokia gunean arte eszenikoekin lotutako ikuskizun bat egongo da egunero, doako sarrerarekin, San Agustin kulturgunean. Bost ikuskizun, beraz, abenduaren 4tik 8ra arte, antzerkia, dantza eta poesia uztartuz: Jon Ander Urrestiren Tribiz baserri galdua, Zestoako Formol Laborategiaren Album antzezlana, Galder Perezek zuzendutako Lurrun minez lana, Bagara konpainiaren Interakzioa eta Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberen Högeitavat emanaldia.

Irudienean, ikus-entzunezkoen plazan, 35 film proiektatuko dira, Zugaza zinemetan: 12 film labur, 11 dokumental, hiru film luze, bi aurkezpen, lau estreinaldi eta hiru film haur eta gazteentzat. Inoiz baino parekideagoa izango da Irudienea, zuzendaritza eta protagonistetan emakumeak izango direlako nagusi, eta hainbat gai jorratuko dira bertan: memoria historikoa, pantailak euskaraz egoteko aldarria…  Iaz Sormen Beka irabazi zuen Bañolet websaila ere Irudienean aurkeztuko da, abenduaren 5ean.

Saguganbaran familientzako tailerrak, ipuin kontalariak, liburuen aurkezpenak, jolas tailerrak, ilustratzaileak, umeei egokitutako zeinu hizkuntza tailerrak, musika ikuskizunak  eta sormen tailerrak egongo dira, besteak beste. Saguganbara betiko gunean egongo da, Elkartegian, Landako parean, baina saio batzuk Landakoko Areto Nagusian ere antolatuko dira.

Kabi@, bere aldetik, Areto Nagusiaren barruan antolatuko da, eta programazioa hiru ataletan banatuta egongo da: Geruza digitalak izeneko hitzaldi laburrak; sorkuntza digitalaren inguruko mahainguru bat; eta Txikientzako lantegia izeneko jarduera. Programazioa ideia nagusi batekin lotuta egongo da: “eraldaketa digitalak balio dezake sortzaileak, sorkuntza lanak eta publikoa harremanetan jartzeko, eta, gainera, sorkuntzarako aukera ezberdinak zabal ditzake”.

Ahotseneak bi esparrutan oinarrituko du bere egitaraua eta egitekoa: musika eta literatura, doinua eta letrak. Plateruena barruan antolatuko diren kontzertuetan talde sortu berri eta ibilbide luzeko musikariak tartekatuko dira. Kasu honetan, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, azaroaren 29tik aurrera. Literaturari dagokionez, espazio bitan antolatuko dira solasaldiak: Areto Nagusian eta Musika Eskolan. Bertan, eleberriak, poesia liburuak, antzerki bildumak, komikiak, itzulpenak… aurkeztuko dira, hainbat sortzaileren eskutik, besteak beste, Eider Rodriguez, Leire Vargas, Itziar Ugarte, Alaine Agirre, Lander Garro, Amaiur Epher, Alberto Barandiaran, Aritz Galarraga eta abar.

Euskarazko literaturaz harago, Durangoko Azokan beste argitalpen askok ere lekua izango dute: dibulgazio liburuek, ikerketa lanek, euskal gaia lantzen duten argitalpenak… Horiek guztiak Talaia gunean batuko dira, espazio bitan: Landako guneko Areto Nagusian eta Musika Eskolan. Talaian gai oso anitzak lantzen dituzten liburu ugari aurkeztuko dira, eta hainbat mahainguru ere antolatuko dira: musika elektronikoaz, ilustrazioaren munduaz, gazte sortzaileen ikuspegiaz eta abar.

Zabaldu: