Arabako Bertsozale Elkarteak datorren urteko Arabako Bertsolari Txapelketa udaberrira atzeratzea erabaki du egungo gizarte eta pandemiaren bilakaera dela eta txapelketa behar bezala burutzea ahalbidetzen ez delako.
Arabako Bertsozale Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 17ko agindua eta abenduaren 14ko dekretuan ezarritako araudia aztertu ondoren, 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa udaberrira atzeratzea erabaki du, araudi honekin eta pandemiaren egoera honetan txapelketaren helburuetako batzuk betetzea zaila delako.
Araban bertsolaritzaren erakusleiho izateko, bertsolaritza aktibatzeko eta zabaltzeko, bertsozaleak kohesionatzeko eta berriak sortzeko helburuarekin egiten da txapelketa besteak beste. Eragile guztien arteko elkarlana eta ilusioa bultzatzea ditu helburu.
“Arabak bertsolari txapelketa bezalako euskarazko kultur ekitaldiak behar beharrezkoak ditu, eta lanean jarraituko dugu, modu arduratsuan, ahalik eta baldintza duinenetan, bertsozale guztientzat posible izan daitezen”, adierazi du elkarteak.
Data berriak aurrerago jakinaraziko direla iragarri du Arabako Bertsozale Elkarteak.
Orain arte Ipar Euskal Herriko Xilaba eta Nafarroa eta Bizkaiko bertso txapelketak egin dira, Arabakoa eta Gipuzkoako falta dira egiteko, beraz. Dena ondo bidean, datorren urteko udazkenean izango XVIII. Euskal Herriko bertso txapelketa Iruñean. Getxon abiatuko da, irailaren 24an, eta finala abenduaren 18an jokatuko da Nafarroa Arenan.