(argazkia: Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak 692 testu gehitu dizkio ‘Hizkuntza-zuzenbidea. testu-bilduma euskaraz’ egitasmoari

2007tik, hirugarren argitalpena da oraingoa, eta bereizgarri nagusiak hedadura geografikoari, edukiari, denbora-eremuari, antolaketari eta testuen kopuruari dagozkie.

Euskaltzaindiak 2007an abiatu zuen egitasmo garrantzitsu baten hirugarren emaitza aurkeztu du gaur Bilboko egoitzan: hain zuzen, Hizkuntza-zuzenbidea. Testu bilduma euskaraz (III). Proiektu honen helburua ez da sorreratik aldatu, hots, euskaldunon hizkuntza-eskubideak euskarri digital bakarrera biltzea eta hiztunek, legelariek eta ikertzaileek baliatzeko modua izatea.

2019an aurkeztu zen bigarren bertsioa eta lan horrek berrikuntza garrantzitsuak ekarri zituen, batez ere, testuen kopuruari eta argitalpenaren beraren formatuari zegozkionak. Iruñeko Baluarten agertu zen bigarren bertsioa, eta akademiak aurkezpenean bertan agindu zuen argitalpen hura aldian-aldian berrituko zuela. Horrela, 3. argitalpen berrikusi eta emendatu honen bitartez jarraipena eman nahi izan zaio 2007an hasitako bideari, eta zeregin horretan jardun dute Andres Urrutia euskaltzainburuak, Santiago Larrazabal legelariak eta Gotzon Lobera legelari eta euskaltzain urgazleak.

Argitalpen honen bereizgarri nagusiak hedadura geografikoari, edukiari, denbora-eremuari, antolaketari eta testuen kopuruari dagozkie.

Hedadura geografikoa

Arlo honetako berrikuntzarik garrantzitsuena Espainiako Erresumaren atalari dagokio. Izan ere, 2019ko 1. edizio digitalean, Espainiako Erresumako Gorteek, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak hizkuntza-zuzenbidearen inguruan onetsitako testuak argitaratu ziren. Oraingo 2. argitaraldi elektroniko honetan, berriz, autonomia-erkidegoetako parlamentuen legeak ere barruratu dira, legeok hizkuntza-eskubideak aldez edo moldez ukitzen dituztenean.

Edukia

Alde batetik, hizkuntza-eskubideen alderdi pertsonala arautzen duten legeak sartu dira, hizkuntza-eskubide kolektiboak arautzen dituztenez gainera. Bestetik, hizkuntza-eskubideak xede-eskubide dira batzuetan, baina tresna-eskubide ere badira besteetan; horrela, hizkuntza-eskubideak beste eskubide batzuk babesteko lanabes dira (giza duintasuna, kontsumitzaile-izaera…).

Hirugarrenik, estatuaren, autonomia-erkidegoen eta erregioen testu instituzionalak ekarri dira argitalpen honetara, testu horien araudiak hizkuntza-eskubideak ukitzen dituztenean (HABEren legea, esaterako). Laugarrenik, hizkuntza-zuzenbideaz at, lege-testuak eta nazioarteko hitzarmenak sartu dira aldez edo moldez gizabanakoen hizkuntza-eskubideak ukitzen dituztenean. Azkenik, gaztelaniazko eta frantsesezko testu elebakarrak euskaratu egin dira.

Laburbilduz, 2019ko argitaraldian, 94 testu jasotzen ziren, argitaldari elektroniko honetan, berriz, 786 testu jaso dira. Hau da, 692 testu berri erantsi dira argitalpenean.

Hiru formatutan

Euskararen estandarizazio eta batasunaren ikuspegitik, 2019ko argitaraldirako erabilitako irizpide eta oinarri berberak ezarri dira oraingo argitaraldi elektroniko honetan ere, ordutik hona hartutako erabakien ondoriozko aldaketak sartuz.

Argitaraldi honek hiru formatu ditu: argitalpen digitala, ePub formatua eta PDF formatua (azken formatu biotan argitalpen osoa eskura daiteke).

2019ko edizioan egin zen bezala, bilaketa zabalak egin daitezke bigarren argitaraldi digital honetan, bai eta bilaketa murriztuak ere, eta, gainera, bilaketen emaitzak batera agerrarazi. Eginkizun hori erraztu eta zehatzago egin ahal izateko, 35.702 bilatzaile gordin landu dira.

Zabaldu: