Ekainaren 12ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa, Donostiako Aiete Kultur Etxean.
Iñaki Landa ilustratzaile eta diseinatzailearen (Portugalete, 1981) erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 12ra arte, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa izeneko programaren barruan.
Landa diseinu eta arte plastikoetako goi mailako teknikaria da eta 2010ean lizentziatu zen Arte Ederretan, EHUn. Hamabost urte baino gehiagoko ibilbidea du egina proiektuen diseinu eta komunikazio arloan. Besteak beste, Goitibera (goitibera.org) aldizkariaren eta Nontzeberri atariaren diseinatzaile grafikoa izan zen. Bi agerkari hauetan ilustrazio lanak ere egin zituen. 2015etik 2020ra bitartean, berriz, consonni argitaletxe eta arte ekoiztetxeko komunikazio arduradun eta diseinatzaile grafiko gisa aritu zen.
Horrez gain, Landak erakusketak, proiektu pertsonalak (Klof fanzinearen sortzaileetako bat eta kolaboratzaile izan zen, 2012-2016) eta ilustrazio enkarguak egin ditu. 2020an, bere kontura ilustratzaile eta diseinatzaile grafiko bezala ezartzeko apustua egin zuen.
Ilustrazio eta diseinu lana gizarte gaietara eta hausnarketa prozesuetara bideratu du batez ere. Bere lanek gizarte-salaketa eta autoezagutza dute hizpide sarritan. Hala, GKE ugarirekin kolaboratu izan du, horientzako kartelak eta ilustrazioak eginez (Zaporeak Elkartea, Omal, OOEE, Caritas, Amigos de la Tierra …). Teknikari dagokionez eskuzkoak (esaterako, tinta paperean) nahiz teknika digitalak erabiltzen ditu.
Erakusketa ugaritan ere parte hartu izan du, bakarka nahiz taldean. Azken hauen artean, Gasteizko Montehermoson egindako Haritik Zintzilik (2021); Chiquita Room Bartzelonako galerian egindako Arcana. Los secretos del tarot (2019-2020); Donostiako Arteuparte galerian Denbora (2020) eta Bilboko Iturfest Jaialdian egindako erakusketa kolektiboa (2018). Bestetik, Joan Espasa musikari eta idazlearen Tiempo muerto eleberriarentzako egindako ilustrazioekin bi erakusketa antolatu zituen: Madrilgo Real Academia de Bellas Artes de San Fernandon (2016) eta Erromako Real Academia de Españan (2015).
Hainbat libururen ilustrazio eta azalak ere egin izan ditu: Harkaitz Canoren Kandelikara. Buñueli buruzko film baterako apunteak (Donostia Kultura eta Euskadiko Filmategia, 2021); Iñigo Martinez Peñaren Mandamentu hipermodernoak (Elkar, 2021) edo Julia Marti eta Zaloa Perezen Gure herrien defentsan. 20 pista merkatuak erdigunetik kentzeko (Paz con Dignidad, El Observatorio de Multinacionales en America Latina eta REAS Euskadi, 2020).
Zinema munduan ere aritu da, pare bat dokumentalen kartelak ilustratu ditu: Lander Garrok zuzenduriko Bi urte, lau hilabete eta egun bat eta Sam Vinalek zuzendutako Berta no se murió, se multiplicó dokumentaletakoak, hain zuzen.
Euskal Irudigileak elkarteko kidea ere bada. Galtzagorri elkarteak antolatzen dituen MarraziOak eta Bikotekan ilustratzaileentzako formazio topaketetan ere parte hartu izan du.
Ilustratzailearen Txokoa
2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez eta Ane Arzelus. Orain, Iñaki Landaren txanda da.