Ekimenaren gakoa da azpimarratzea euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada izan behar dutela.
Dinamika horren lehendabiziko aurkezpena gaur goizean egin da Bilboko Kalderapekon. Bertan Alizia Iribarren AEKko koordinatzaile nagusiak, Asier Amondo Korrikako arduradunak, eta Garbilan eta Iberdrola enpresetako hainbat langilek hartu dute parte. Hitzekin. Denok euskara doan. Langileok prest dinamikaren ildoetako bat azaldu dute: AEK-Korrikatik elkarlan-bide bat landu da ELA nahiz LAB sindikatuekin, eta heldu den ikasturterako doako ikastaro laburrak antolatuko dituzte, hainbat lantokitan prest dauden langile-taldeekin. Ekimen honen bidez, berez, urtero eta Euskal Herriko lantoki askotan ezaguna den dinamika biderkatu nahi dute. Gehiagorengana iritsi nahi izango dute eta, batez ere, dinamikaren xedea bistaratu nahi da ekintza praktiko horien bidez: “Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, helduen euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea gakoa izango da, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere”.
Langileek adierazi dutenez, “euskararen normalizazioa garatzeko ezinbesteko esparrua da lan-munduarena”, eta berau euskalduntzeko urrats zehatzak aldarrikatu dituzte. Haiek ere prest daude pausoak emateko, “langileen eskubideen eta bermeen aldeko borrokan kokatzen dugu hizkuntza-eskubideena”, adierazi dute, baina, era berean, aipatu dute norbanakoen boluntarismoa gainditu behar dela. Lan-mundua euskaldundu nahi bada, ezinbestean administrazioen aldetik erabaki ausartagoak hartu beharko dira: “Behar-beharrezkoa da langile guztiei euskara ezagutzeko bideak jartzea, horretarako denbora ziurtatzea eta zerbitzu hori doakoa izatea”
Iribarrenek adierazi duenez, gaurko aurkezpena, eta abian jarriko diren ikastaro horiek, dinamika zabalago baten isla dira; aurrerago, ekinbide gehiago landuko dira, baita beste arlo batzuetan ere. Era berean, aurreratu du apirilaren 4an aurkezteko dela, dinamika honen barruan ere kokatu den Donibane Garaziko adierazpena. AEK ez ezik, beste euskaltegi askoren ordezkariak daude agiri horren atzean.