'Orkestra lurtarra' filma

Harkaitz Canoren ‘Orkestra lurtarra’ liburuan oinarritutako animaziozko filma estreinatuko dute

Apirilaren 8an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Iparraldekoetara, berriz, hilaren 12an.

Harkaitz Canoren Orkestra lurtarra (Elkar) liburuan oinarritutako animaziozko filma estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan apirilaren 8an, ostirala, eta Ipar Euskal Herrikoetan hilaren 12an, asteartea. Lantaldeak adierazi duenez, “bizitzan ezer ez da erraza ezta bat-batekoa ere, baina aldi berean asko dauka ospatzeko. Hori oso ondo ikasi dute Orkestra Lurtarra arrakastara… edo ez… eramango duten musikariek. Baita Lotura Films ekoiztetxekoek ere: hain zuzen ere, 2014an izen bereko liburuan oinarrituta film hau egitea erabaki genuen. Luze jo du, baina merezi izan dute bideak eta lanak”.

Euskadi Saria irabazi zuen liburuan oinarrituta egon arren, filmari bestelako tratamendua egin diote musikalki eta baita istorioan ere, “garaikideago eta ganberroago bihurtuta”, azaldu dute.

Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute filma eta azken honek konposatu du musika. Harkaitz Canok berak eta Eneko Olasagastik, berriz, gidoia idatzi dute. Ekoiztetxeak nabarmendu duenez, “emaitza da, seguruenik, Lotura Films-ek orain arte egin duen lanik txoro eta dibertigarriena, bai txiki zein helduentzat aproposa dena”.

Filmeko pertsonaiek eta hauek arrakasta horren bilaketan biziko dituzten hartu-emanek gizartea ezin hobeto irudikatzen dute: “Manu ameslaria eta pixka bat tuntuna da; Salegi bizizale eta harroa; Perfumetti anai erromantikoak dira; Aldika orojakilea; Osoki bihurri eta egoskorra edota Presidentea izeneko ahuntza”.

Zabaldu: