Jaialdiaren 38. edizioan emakumeak izango dira protagonista nagusiak eta kanpoko espazioetara itzuliko da jaialdia. Ane Pikaza ilustratzailea da aurtengo kartelaren egilea.
Tanxugueiras, Enredadas (Uxia, Martirio, Carmen Paris eta Ugia Pedreira biltzen dituena) eta Maria Arnal i Marcel Bages izango dira, besteak beste, Getxo Folk jaialdiaren 38. edizioko kartela osatuko duten taldeak, irailaren 14tik 18ra bitartean. Denetara hamabost emanaldi izango dira, horietako hamar Algortako Portu Zaharrean, aire zabaleko eskaintza berreskuratzeko asmoz. Muxikebarrirako kontzertuetarako sarrerak, berriz, abuztuaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Irantzu Uriarte Kultur Etxeko presidenteak nabarmendu duenez, ‘jaialdia normaltasunera bueltatzeak markatutako ibilbide berri bati ekingo dio, eta horrek aukera emango du ekitaldi honetan kanpoko espazioak berreskuratzeko”. Era berean, aurtengo kalitatezko eskaintza anitza azpimarratu du eta mota guztietako ikusleei irekitako emanaldiak izango direla nabarmendu.
Kontzertu nagusiak Muxikebarrin izango dira, arratsaldeko 20:00etan. Jaialdiak folkera beste soinu batzuetatik hurbiltzea du helburu aurtengoan, artista belaunaldi berrien aldeko apustua eginez. Xabier Paya Kultura Etxeko Zuzendariak folkaren transmisioan emakumearen rolak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du, aurtengo edizioan bistaratu nahi den bezala, eta egunero Muxikebarriko agertokian emakume bat izango dela nabarmendu du.
Hala, irailaren 15ean Tanxugueiras arituko da, hurrengo egunean, ostirala, jaialdiak Enredadasen proiektua aurkeztuko du, tradiziozko herri-generoak beste estilo batzuekin uztartu dituzten lau artista handik osatutako taldea da: Uxia, Martirio, Carmen Paris eta Ugia Pedreira. Getxon Coplas e alalás ikuskizuna aurkeztuko dute, Sergio Tannus eta Marcos Teiraren gitarrek lagunduta, genero eta estilo ezberdinak uztartuz. Larunbatean, hilaren 17an, Muxikebarrik Maria Arnal i Marcel Bages bikote katalanaren saioa hartuko du.
Algortako Portu Zaharreko saioak 18:00etan eta 23:00etan izango dira. Azken horietan, jaialdiak jai-giroa sustatzeko asmoa du Gozategi (hilaren 16an) eta Buhos (17an) taldeen eskutik. Ez dira faltako, halaber, familientzako kontzertuak ere, irailaren 17an eta 18an eguerdiko 12:00etan. Getxo Folk jaialdiaren proposamen musikala Nor da Maurizia hezkuntza proiektu honekin osatuko da, Getxoko Musika Eskolarekin elkarlanean garatu da eta bertako ikastetxeetako ikasleei musika hurbilduko diena.
Kartela
Jaialdirako kartela Ane Pikazak egin du. Ilustratzaile, artista eta aktoreak azaldu duenez, bere obran jaialdiaren hurrengo edizioaren nortasuna islatzen saiatu da, “emakumearen begirada islatuz eta baita itsasoari begiratuz ere “.