(argazkia: Debako Udala)

Euskal Herriko animazioaren 50. urteurrenaren harira egingo da aurtengo Animadeba zinemaldia

Animadeba Nazioarteko Animaziozko Zinemaldiaren XV edizioa irailaren 7tik 10era bitartean egingo da Deban.

Animadeba Nazioarteko Animaziozko Zinemaldiaren bosgarren edizioa egingo da irailaren 7tik 10era bitartean, Deban. Euskal Herriko animazioaren panoraman ezinbesteko hitzordua bihurtu da urte hauetan eta publikoaren, zinemagileen, industriako profesionalen eta artisten topagunea bilakatu da. Aurtengoaren aurkezpenean, Aritz Larrañaga Debako kultura zinegotziak ekimenak herriari egiten dion ekarpena nabarmendu du, eta antolatzaileak eskertu ditu egiten duten lanagatik. Aurtengo edizioan musika emanaldiak eta tailerrak ere egingo dira.

Programazioan haur eta helduentzako animaziozko filmak (film luzeak eta film laburrak) proiektatuko dira. Horrez gain, case study (kasu azterketak), aurkezpenak, solasaldiak, workshop-ak (tailerrak) eta kontzertuak izango dira. Sarrerak www.animadeba.com webgunean eskuratu ahal izango dira edota Kutxa Zurian zinemaldiaren egunetan. Ohiko sarreraren prezioa 3 eurokoa izango da eta sari banaketakoa, berriz, 8 euro. Bonoak ere hartu ahal izango dira, 25 euroan.

Bi sail daude Nazioarteko film labur lehiaketan: Sail Nagusia eta Zuzendari Berriak EHU Saila.

Munduko 91 herrialdetatik 1.057 film labur jaso direla azaldu du antolakuntzak, eta horietatik 20 lanek hartuko dute parte aipatutako bi sailetan.

Aukeraketa prozesuan 15 debarrek hartu dute parte, Animadebako programatzaileekin batera.

Aukeratuen artean, film ekoizpenen herrialdeak hauexek dira: Frantzia, Italia, Hungaria, Ingalaterra, Brasil, Rusia, Espainia eta Euskal Herria.

Bi egun (ostiral eta larunbatean) eta saio ezberdinetan proiektatuko dira Sail Nagusian parte hartuko duten Animaziozko film laburrak: Sail nagusia I eta Sail nagusia II.

Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko azpitituluekin (Filmazpiten eskutik).

Bestalde, Animadebak atal bat izango du zuzendari berriei eskainia, Zuzendari berriak EHU Saila. Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Animadebaren arteko lankidetzari esker. Unibertsitateak bere gain hartuko du ataleko irabazlearen saria.

Lehiaketatik kanpo beste film labur batzuk ikusi ahal izango dira Panorama sailean.

Alberto Vazquez zine zuzendaria, epaimahaikide izateaz gain, Animadebaren aurtengo Gonbidatu Berezia izango da. Animadeban, bere film laburren atzera begirakoa egingo da, bere ibilbideaz hitz egiteko solasaldia egingo da.

Work In Progress sailaren barruan, berriz, 16 proiektu aurkeztuko dira animaziozko film labur eta animaziozko serie kategoriatan.

Euskal animazioak 50 urte

Animadebak aurten Euskal Animazioa omenduko du Euskal Herriko Animazioaren 50. urteurrenarekin bat eginez. Bertan 1970 eta 2020 urteen artean egindako filmak ikusiko dira. Hiru saiotan 53 film labur emango dira, baita animaziozko bideoklipak ere.

Zabaldu: