Trikiti doinu tradizionala eta elektronika uztartu ditu Neomak taldeak estreinako diskoan

Ilargi berriak izeneko lana ontzerako orduan, hainbat lagun izan dituzte ondoan: Oihana eta Haizea Arana ahizpek XXI. Mendekua kantuaren hitzak idatzi dituzte eta Pello Heriz gitarra jotzaileak Hego Haizea abestian parte hartu du.

Neoma hitzak Ilargi berriak esan nahi du grezieraz eta horixe da Eneritz Aulestiak, Alaitz Eskuderok, Leire Etxezarretak, Irati Gutierrezek, Maria Laska, Amets Ormaetxeak eta Garazi Otaegik duela hilabete batzuk sortutako talde berriarentzako aukeratu zuten izena. Orain beste urrats bat eman nahi izan dute emakume gazte hauek eta diskoa kaleratu dute, hau ere Ilargi berriak izenpean. Taldekideak trikititik oso gertu ibili izan dira beti, Kepa Junkerarekin Sorginak bezala elkar ezagutu zuten eta munduko txoko ezberdinetako oholtzetan aritu izan dira, nahiz eta zazpikoteak gaur egungo musika estilo berritzaileagoetatik ere edaten duten.

Guzti horren isla da lan berria, izan ere, trikitia eta soinu berritzaileen arteko uztartze berezi bat egin nahi izan dute eta proiektu tradizional bezain berritzaile bat sortu, “soinu organikoak teknologia berriekin naturaltasunez nahastuz”. Aske, nahi dutena sortuz eta erakutsiz, trikiti doinu tradizionala elektronikaz uztartu dute, entzulea dantzan jartzeko asmoz.

Ilargi berriak diskoa pasa den martxoan grabatu zuten Haritz Harreguyren gidaritzapean eta Alejandro Jimbo Paezek produzitu du lana. Azaldu dutenez, “Ilargi berriak eta Hamen aurrerapen kantuek arrakasta izugarria izan dute”, udaberri eta udan kontzertu mordoa eskaintzeko aukera izan dute, “taula gainak eta beheak dantzan jarriz”.

Diskoa ontzerako orduan, hainbat lagun izan dituzte ondoan, Oihana eta Haizea Arana ahizpek, esaterako, XXI. Mendekua kantuaren hitzak idatzi dituzte eta Pello Heriz gitarra jotzaileak Hego Haizea abestian parte hartu du.

 

Zabaldu: