'Behi jasa' antzezlana

‘Eresia’, ‘Trapu zikinak’ eta ‘Behi Jasa’ taularatuko dituzte Iruñeko Antzerki Aroan

Nafarroako Antzerki Eskolan izango dira emanaldiak urriaren 19an eta azaroaren 2an eta 23an.

Sentimenduetan, beldurretan eta intimitatean murgiltzea proposatzen du gazteei eta helduei zuzenduta dagoen euskarazko antzerki-zikloak. Iruñeko Udalak antolatu du, Nafarroako Antzerki Eskolarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Edizio honetan, hiru lan antzeztuko dira, beti 19:00etan, urriaren 19an eta azaroaren 2an eta 23an, denak ala denak Nafarroako konpainia profesionalen eskutik.

Oier Zuñiga izango da lehen saioaren protagonista, urriaren 19an, Eresia lanarekin. Honetan, Zuñigak ekintza eszenikoa dolu-erritu kolektibo bihurtuko du bere amaren heriotzagatik. Iruñean bizi den aktore eta artista bisualak azken urteetan arte plastikoak eta eszenikoak arakatu ditu, performance arteari lotuta. Gazte eta helduei euskaraz zuzentzen zaien beste antzerki edizio honetan aurkezten duen proiektuak errituak berreraikitzea bilatzen du dolua landu eta osatzeko. Galera baten aurrean dauden gizarte-errituei heltzen die, baina baita barruko prozesuari ere, esparru pribatura mugatua. Taula gainean sinbolismoarekin eta estetikarekin jolas egiten du, komunitatean heriotzak suposatzen duen minari buruz kolektiboki hausnartzeko aukera emanez.

Azaroaren 2an Lore More Konpainiaren txanda izango da, zeinak Trapu zikinak antzezlanarekin. Euskal Herriko arropa-ikuztegiei buruzko sormen kolektiboa da, trapu zikinak etxean garbitzen direla dion esaera zaharrari kontra eginez. Ikuztegiak espazio publikoak eta topaguneak izan ziren. Premisa horretatik abiatuz, antzezlanak begietara so egiten dio intimitatearen ideiari, eta omenaldia egiten die joan den mende erdialdera arte, izerdi eta barre artean, haien eskuekin igurtziz familia osoaren arropako orbanak kentzen zituzten emakumeei, isiluneak eta adiskidetasuna partekatzen zituzten emakumeei, alegia. Lore More Konpainia 2018an sortu zen, Maialen Diaz Urriza eta Mikele Urroz Zabalza aktoreen eskutik.

Boga Boga Konpainia arduratuko da zikloa ixteaz, eta azaroaren 23an Behi Jasa antzezlana taularatuko du. Lanak tratu txarren gaia jorratzen du, poesiatik abiatuta eta absurduaren antzerkitik gertu. Antzezlanak genero-indarkeria etengabea den etxe bat irudikatzen du, ‘maite zaitut’ faltsu baten atzean ezkutatzen dena.

Hiru emanaldiak Nafarroako Antzerki Eskolan izango dira, 19:00etan. Sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian jarriko dira salgai, 8 euroan, emanaldia hasi baino ordu eta erdi lehenago.

Antzerkia ikasgeletan

Oraingoan Antzerki Aroa zikloak belaunaldi berriak arte eszenikoetan eta euskararen erabileran eta sustapenean uztartzearen aldeko apustua egin du, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren elkarlanari esker. Bi erakundeek haien programazioetan euskarazko hezkuntzako D ereduko ikasleei zuzendutako kultura-jardueren eskaintza jaso dute, eta orain zortzi ikastetxetan egingo den antzerki-zikloaren inguruko proiektu komun bat sortu dute.

Batxilergoko lehen mailako 530 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute ekimenean, konpainiek, beraz, antzezlan bakoitzarekin garatu dituzten unitate didaktikoei buruzko bitartekaritza-jarduerak egingo dituzte ikasgelan. Programa amaitzeko, obra bakoitzaren emanaldi bat eskainiko da goizean parte hartzen duten ikasleentzat, arratsaldeko emanaldiaren egun berean.

Proposamen horrekin bat egin dute zortzi ikastetxek, hala nola Mendillorri, Zizur, Lekarotz, Alaitz, Leitza, Iturrama, Eunate eta Sarrigurengoak.

Zabaldu: