Mariñe Jauregi ilustratzailearen obrak egongo dira ikusgai Mazokan

Gasteizko Marrazki Azokak aurrez aurreko formatua berreskuratuko du eta 40 ‘mazokalarik’ hartuko dute parte

Montehermoso Kulturunea izango da Mazokaren zortzigarren edizioaren egoitza abenduaren 16tik 18ra bitartean.

Aurreko bi edizioetan internet bitartez egin ondoren, Mazoka Gasteizko Marrazki Azokak aurrez aurreko formatua berreskuratuko du abenduaren 16tik 18ra bitartean, Montehermoso Kulturunean.

Estibaliz Cantok, Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotziak nabarmendu duenez, “beste urte batez, marrazkigintzarekin, ilustrazioarekin eta arte plastikoekin lotutako balio berriak ezagutzeko eta herritarrei ilustrazioko eta aplikatutako arteekin lotutako oso estilo desberdinak eta anitzak gerturatzeko tresna bihurtuko da hitzordua”.

Antolakuntzak aurreratu duenez, entzute handiko artistak egongo dira bertan, besteak beste: Miren Asiain Lorak (Euskadi Ilustrazioa Saria 2020an) pintura-teknikak erabilita poesia grafiko bihurtzen diren giro eta mundu harrigarriak sortzen ditu, Bea Enriquezek (Anaya Saria 2020an eta Fnac Nobela Grafikoaren saria 2018an) birziklatutako euskarri mota ugari eta naturako elementuen inguruko ilustrazio-proposamen ausarta egiten du eta Celso Martinezwk, Celsius Pictor izenarekin ezagunagoa, (azalen eta prentsako artikuluen ilustratzailea hainbat aldizkaritarako: ‘Forbes’, ‘Jotdown’ edo ‘Altair’), XIX. mende aurreko era guztietako irudien eta grabatuen collagea lantzen du.

Aurreko edizioetan ikasle bekadunak izan ziren hiru mazokalarirekin partekatuko dute gunea: Mariñe Jauregi (2019), Paula Huarte (2020) eta Carmen B. Mikelarena (2021). Hiruren hitzetan, Bekikasle moduan hautatuak izatea eta Mazoka esperientzia bizitzea “sekulako bultzada eta energia-txutea izan zen”.

Azaroan zehar, www.mazoka.org webgunean eta Mazokaren sare sozialetan egongo dira ikusgai 40 mazokalariek egindako proposamenak.

Zabaldu: