Joxe Mari Berasategi Zurutuzak eta Maialen Berasategi Catalanek irabazi dute aurtengo Jokin Zaitegi Saria (argazkiak: Elkar)

Literaturako Nobel Saria euskaratzeko Jokin Zaitegi saria martxan da

Parte hartu nahi duenak Annie Ernaux idazle frantsesaren La femme gelée eleberria euskaratu beharko du.

Beste urtez batez, Jokin Zaitegi Sariketa deitu dute Arrasate Euskaldun Dezagun Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Arrasateko idazlea gogoratzeko asmoz, eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko. Itzulpengintza arloko sariketa hau Literaturako Nobel Saria irabazi duten autoreen lanak euskaratzea du xede.

2022an Suediako Akademiak Annie Ernaux idazle frantsesari eman dio Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren La femme gelée eleberria itzularaztea da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketan. Horretarako, antolakuntzak proposatutako lagina euskaratu beharko dute parte hartu nahi dutenek, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera.

2023ko urtarrilaren 6ra arteko epea egongo da itzulpenak bidaltzeko. Ondoren, epaimahaiak itzulpen egokiena aukeratuko du. Antolatzaileek iragarri dutenez, Nora Arbelbidek, Aiora Jakak eta Joseba Urteagak osatutako epaimahaiak jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2023ko urtarrila amaitu baino lehen.

Irabazleak 6.500 euroko saria irabaziko du La femme gelée itzultzeko; diruaren erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2022ko irailaren 31 baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean.

Elkar etxeak argitaratuko du Annie Ernaux idazlearen lana euskaraz, eta 2023ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga.

Harremanetarako: 943310267 eta 943771228 telefono zenbakietara deituta edo aed@aedelkartea.eus eta liburuak@elkar.eus helbidetara idatzi beharko dute parte hartu nahi dutenek.

Zabaldu: