(argazkia; Euskalgintzaren Kontseilua)

Idurre Eskisabel izango da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria

Beasaindarrak Paul Bilbao Sarria ordezkatuko du.

Euskalgintzaren Kontseiluak Idurre Eskisabel Larrañaga idazkari nagusi berria izango dela iragarri du gaur. 12 urteko ibilbidearen ondoren, Paul Bilbao Sarria ordezkatuko du Kontseiluko ardura nagusienean. Abenduaren 6an Durangon irudikatuko da kargu hartzea, erakundearen 25. urteurreneko ekitaldian.

“Ilusio eta erantzukizun handiz” jaso du Eskisabelek Kontseiluko ardura nagusia betetzeko proposamena. “Euskalgintzak ekin dio askotariko eremuen arteko zubi lana egiteari, eta bide horretan sakontzen segitzeko asmoa dut”, adierazi du, 2021. urtean abiatutako Batuz Aldatu dinamikari erreferentzia eginez. Euskaran, kulturan, hezkuntzan, baita eremu sozioekonomikoan, eskubide sozialetan, migrazioan, feminismoan, LGTB+ mugimenduan, eremu digitalean, gazterian eta beste askotan aritzen diren eragileekin aliantzak sustatu eta hizkuntzaren gaia erdigunera eramateko lan egingo duela iragarri du.

Eskisabel Beasainen jaio zen 1970 urtean. Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta kazetaritzan ibilbide luzea du egina: Euskaldunon Egunkaria eta Berrian egin du lan, eta hainbat hedabiderekin kolaboratu du: Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Euskalerria Irratian, besteak beste. Gaur egun, Jakin pentsamendu aldizkariko eta pentsamendu feminista euskaratzea xede duen Eskafandra bildumako kontseilu editoreetako kidea da, baita Ondas Saria jasotako Lokatza podcasteko egileetariko bat ere. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kidea da, zehazki Hizkuntza eta Genero atalekoa. Lanbidez EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea da, eta bertan prentsa edizioa, irratigintza eta informazio generoak irakasten ditu.

2018an Goseak janak poema liburua plazaratu zuen, Susa argitaletxearekin. Eta 2019an, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariarekin batera, Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara argitaratu zuen, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzen duen liburua.

Hizkuntzaren, kulturaren eta gizartearen gaineko ezagutza zabalak ditu, eta bere gertukoek pertsona ireki, gertuko eta intelektualki zorrotz gisa definitzen dute, esperientzia eta solbentzia handikoa.

Zabaldu: