'Apaiz kartzela' filma

Memoria historikoari eskainitako dokumental zikloa antolatu du Gasteizko Orbain Kultur Elkarteak

Apaiz kartzela, El Entusiasmo, Montejurra ’76 eta Vitoria, Marzo de 1976 dira aukeratu dituzten dokumentalak.

Gasteizko Orbain kultur elkarteak urte hasieran abiatutako Doku-Mental zikloa baliatu du memoria historikoa ardatz duten dokumentalak proiektatzeko. Apaiz kartzela, El Entusiasmo, Montejurra ’76 eta Vitoria, Marzo de 1976 dira, hain zuzen, otsailean zehar ikusi ahal izango ditugun dokumentalak. Elkarteko kideek adierazi duenez, “Orbain Kultur Elkartean ez dugu ahazten. Memoria gara. Horregatik, krudelak, deliktiboak eta oraindik argitzeko dauden Martxoaren 3ko gertakarien urteurrenaren atarian, Orbainek salaketa eta aldarrikapen gune izan nahi du otsailean zehar”. Diotenez, “Navarro Villoslada kaleko 8ko lokalean aztertu, eztabaidatu, hausnartu, eraiki eta… ikusi egin nahi da. Proposatutako dokumentalak ikusiko dira, eta haiek izango dira analisirako eta eztabaidarako abiapuntu”.

Gaur emango diote hasiera programazioari Oier Aranzabalek, Ritxi Lizartzak eta David Pallaresek zuzendutako Apaiz kartzela dokumentalarekin. Zamorako apaiz-kartzelan (1968-1976) preso zeuden lau apaizek kartzela bisitatzera itzuli ziren, eta, zenbait kasutan, hamar urte baino gehiagoko zigorrak ezarri zizkieten mezetan errepresio frankista salatzeagatik. Hain zuzen ere, Franco diktadorea izan zen, Vatikanoarekin sinatutako Konkordatua erabiliz, Kartzela Konkordataria sortu zuena, erlijiosoentzako munduko bakarra. Lanak Madril, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko 53 erlijiosori egin zieten bidaia errealaren historia kontatzen du.

Otsailaren 14an, berriz, El Entusiasmo (Luis E. Herrero, 2018) dokumentala proiektatuko dute. Filma amaitutakoan, Satur Saez de Ibarra eta Juan Gomez Perin CNTko kideek solasaldian hartuko dute parte.

Otsailaren 21ean Montejurra ’76. Claveles rojos para un adiós (Iratxe Perez, 2016) dokumentalaren txanda izango da. Proiekzioaren ostean, Iratxe Perez zuzendari eta gidoigileak eta Josu Chueca historialari eta EHUko irakasleak mahainguruan  hartuko dute parte.

Memoria historikoari eskainitako zikloari amaiera emateko, martxoaren 1ean Vitoria, Marzo de 1976 (Luis E. Herrero, 2019) film laburra eskainiko dute. Luis E. Herrero zuzendariak eta Lander Garcia eta Andoni Txasko Martxoak 3 Biktimen Elkarteko kideek ikus-entzunezkoaren aurkezpenean eta ondorengoko solasaldian parte hartuko dute.

Zabaldu: