(argazkia: Hizkuntz Eskubideen Behatokia)

Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskaldunak zineman bigarren mailako herritarrak direla salatu dute

Pantailak Euskarazen arabera, iaz Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan euskarak %1,99 presentzia izan zuen. Erakunde bi hauek euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa dela diote eta neurriak eskatu dituzte.

Joan den ostiralen iritsi zen zinema aretoetara Paul Urkijok zuzendutako Irati filma. Gertaera honek euskal ikuslerian sortu duen poza eta itxaropena probestu nahi dituzte Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2022. urtean zinemetan egon den euskarazko eskaintzari errepasoa egiteko: “datu adierazgarria da, besteak beste, 2022 osoan zehar ez zelako euskarazko fikziozko film bakar bat ere estreinatu”, adierazi dute.

Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak 2022an Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan egondako estreinaldi kopurua eta eskainitako filmen hizkuntza aztertu ditu, eta datuak gordin bezain kezkagarriak direla nabarmendu du: “euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta, edo euskarara azpidatzita eskaini den estreinaldi kopurua ez da %2ra iritsi. Gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita, berriz, filmen %100 eskaini dira”.

Hauek dira 2022an Hego Euskal Herriko Zinema Komertzialetan estreinatu diren filmak, hizkuntzaren arabera:

Gazteleraz (edo gaztelerara azpidatzita) estreinatu diren filmak: 751.

Euskaraz estreinatu diren filmak: 15. Honakoak izan dira:

Jatorriz euskarazko bertsioan eskaini diren euskal ekoizpenak: Orkestra Lurtarra (Imanol Zinkunegi/Joseba Ponce, Animazioa, 2022 Apirila), 918 Gau (Arantza Santesteban, Dokumentala, 2022 Iraila), Yoko oporretan (Juanjo Elordi, Animazioa, 2022 Abendua) eta Black Is Beltza II: Ainhoa (Fermin Muguruza, Animazioa, 2022 Iraila).

Zinema Euskaraz programa (Eusko Jaurlaritza, Zineuskadi) bitartez euskarara bikoiztuta eskaini diren haurrentzako filmak: Ilargirantz (2022 Urtarrila), Ainbo (2022 Otsaila), Barraskiloa eta balea (2022 Martxoa), Ama Mu etxera itzuli da (2022 Maiatza), DC Supermaskoten Liga (2022 Uztaila), Izurde Mutikoa (2022 Iraila), Unicorn Wars (2022 Urria), Hopper Oilasko-Erbia (2022 Urria) eta Gabi (2022 Azaroa).

Euskarara bikoiztuta eskaini diren nazioarteko beste film batzuk: Nire Zirkua (2022 Azaroa) eta Rabbit Academy (2022 Abendua).

Jatorriz elebidunak edo eleanitzak eskaini diren beste euskal ekoizpenak: Ainarak (Ritxi Lizartza, Dokumentala, 2022 Azaroa) eta Kepa Junkera Berpiztu (Fermin Aio, Dokumentala, 2022 Abendua).

751 estreinalditik, jatorrizko bertsioa euskaraz 4 filmek izan dute, euskarara bikoiztuta beste 11 eskaini dira, eta elebidunak edo Hiru eledunak direnak beste 2 izan dira. Beraz, azken hauek kanpo utzita, estreinaldien %1,99 izan da euskaraz Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan. Honi gehitu behar zaio euskarazko filmek izaten duten pase kopurua gaztelerakoek dutena baino askoz ere txikiagoa izaten dela, beraz, emanaldi kopuruari begiratuz gero, euskarazko eskaintza are txikiagoa litzateke: %1ekoa. Ipar Euskal Herriko egoera, berriz, okerragoa dela pentsa daiteke, datu zehatzik eskuratu ez den arren.

“Egia da hainbat udalerritako erakundeen eta kultur kudeatzaileen lanari esker, hauetako udal areto, kultur etxe, eta zinema geletan euskarak presentzia handiagoa izan duela, baina ikerketa honetan hiriburuetako zinema komertzialeko datuak aztertu dira, hauek baitira ikusle gehien dituztenak”, azaldu dute. “Nekez uler daiteke bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak horrela ukatzea eta ondorioz, herritar guztien oinarrizko eskubidea mugatzea. EAEko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa, bere hirugarren kapituluan (Euskararen erabilera hedabideetan) dio Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino besteak beste, zineman eta ikus-entzunezko grabaziotan (25. artikulua). Lege honek 40 urte egingo ditu laster, eta bertan jasotzen diren artikulu asko oraindik ere ez dira betetzen”.

Nafarroako 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legeak ere, III. Tituluan, erakundeek euskarazko agerkari kulturalak eta ikus-entzunezko ekoizpenak babestu eta sustatu behar dituztela dio, eta Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak ere, bere 12.c artikuluan dio Estatuei dagokiela “beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatuko da”.

Legeak eta baliabideak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek uste dute erakunde publikoen ardura dela herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan ere babesteko neurriak hartzea: “beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea Hego Euskal Herri osoan, horretarako eskumenak baitituzte, eta baita euskarazko ekoizpen, bikoizketa, eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzea ere. Izan ere, ikus-entzunezkoek geroz eta denbora gehiago hartzen dute gure aisialdian, zinemetan estreinatzen diren filmak streaming plataformetara iristen dira ondoren, eta beraz, filmak euskaraz ere egotea ezinbestekoa da euskararen normalkuntzan aurrera egiten jarraitzeko, herritarren arteko berdintasunean sakondu eta euskarari etorkizun duin bat ziurtatzeko”.

Bien bitartean, Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskarazko ekoizpenak eta euskarara bikoiztutakoak kontsumitzera animatu nahi dituzte euskal herritarrak, eta euskarazko eskaintzarik ez dagoenean, www.euskararentelefonoa.eus bitartez dagokion salaketak jartzera.

Zabaldu: