Ibilaldia atzo, Ondarroan (argazkia: Ibilaldia)

Euskara, euskal kultura eta Euskal Herria

Eguraldia lagun, Ibilaldia arrakastatsua izan zen atzo Ondarroan.

Goizean goizetik milaka lagun hurbildu ziren atzo, Ondarroara, Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatutako Ibilaldiaz gozatzeko asmoz. “Eguraldia lagun, giro paregabea egin zuen atzo Bizkaiko kostaldeko herrian”, halaxe adierazi dute antolatzaileek. “Bizkaiko ikastolen jai handia, handia izan zen benetan, atzokoa, Ondarroan. Horixe da egin dezakegun baloraziorik baikorrena. Desiratzen genuen eguna bete zen”.

Giro paregabea, bai eguraldiarengatik, bai eta Ondarroara iritsi ziren jendetzaren aldetik ere. “Gogotsu gozatu zuten egun honetarako prestatutako egitarauaz, gune batetik besterako txangoaz, musikaz, dantzaz eta askotariko ikuskizun eta tailerrez. Txiki zein handi izan, guztiek izan zuten egun pasa zoragarria egiteko aukera, guztiek izan zuten parte hartzeko aukera, eta oroz bat, guztiak aritu ziren ikastolei eta euskarari hauspo erraldoia ematen”.

Bizkaiako ikastolen jai handia, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko eta haiek hauspotzeko jaia dela diote antolatzaileek, ikastolen jai guztiak bezalaxe. Baina aldarrikatzeko jaiak ere badira guztiak. Atzoko edizioan, ikastolen eredua azpimarratu zuteb bai Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesek baita Zubi Zahar ikastolako lehendakari Eider Galarragak ere. “Euskaran eta euskal kulturan oinarriturik, Euskal Herri luze zabalean hedatua dagoen eredua da ikastola”, eta hiru oinarri horiek aldarrikatu zituzten Ibilaldiaren hasierako ekitaldian: “euskara, euskal kultura eta Euskal Herria”.

Horren erakusle izan ziren, besteak beste, “Euskal Herriko hainbat lekutatik Ondarroara etorri ziren artistak, guztiei bozgorailua eman genien atzoko Ibilaldian”. Orotara 26 ekimen desberdin antolatu zituzten, horietatik 18 guneetan, eta beste zortzi ibiltariak. Ipar Euskal Herriko ikastoletako ikasleek baxoa eta brebeta euskaraz egiteko aurrera daramaten borroka ere presente izan zuten, Azterketak euskaraz lelopean egindako ekintzarekin. Eta ikasle gazteak ere protagonista izan zituzten, Erronka lehiaketaren bitartez.

Ondarroatik Getxora

Datorren urteari ere begira ari da Ibilaldia, eta atzoko jaiari hasiera emateko ekitaldian bertan Ibilaldiaren lekukoa Zubi Zahar Herri Ikastolak Algortako San Nikolas ikastolari lekukoa pasatu zion. Algortarrek Zubi Zahar ikastolako komunitatea bezain gogotsu ariko direla adierazi zuten 2024ko Ibilaldia prestatzen.

Zabaldu: