(argazkia: Belarri Bero)

‘Belarri Bero, bai esan?’, sexualitatea ikuspuntu feminista batetik lantzen duen websaila

Sei atalez osatutako websailak Belarri Bero izeneko telefono linea erotiko batean gertatzen den istorio bat kontatzen du. Protagonistak Olatz Beobide, Dorleta Urretabizkaia, Nerea Arriola eta Olaia Gil aktoreek gorpuzten dituzte. Zehar Kablea taldearen Youtube kanalean dago ikusgai jada.

Zehar Kablea sormen taldea dago Belarri Bero, bai esan? izeneko websailaren atzean. Uxue Amonarrizek, Aitor Altunak eta Uxue Bereziartuak sortu zuten taldea 2018an websail bat egiteko asmoz. 2018an Hernaniko Udalaren Sormen Beka eskuratu zuten proiektua garatu ahal izateko eta, hala, hirukote honen lehengo proiektua izango zena sortzen hasi ziren.

2020an eta 2021ean grabaketa eta prestaketekin buru belarri aritu zen lantaldea eta, iaz, websaila han eta hemen proiektatzen hasi ziren. Orain, sare sozialetara jauzia egiteko ordua heldu zaie eta dagoeneko ikusgai jarri dute euren Yourube kanalean.

Sei atalez osatutako websailak Belarri Bero izeneko telefono linea erotiko batean gertatzen den istorio bat kontatzen du. Lantaldeak azaldu duenez, “umoretik sexualitateen gaiei heltzeko apustua egin dugu eta egunerokoan lagunekin izaten ditugun elkarrizketa horiei heldu nahi izan diegu ikus-entzunezko formatu honetan”.

Websailaren protagonistak Olatz Beobide, Dorleta Urretabizkaia, Nerea Arriola eta Olaia Gil aktoreek gorpuzten dituzte. Alde batetik, linea erotikoaren nagusi den Axun (Beobide) dugu eta beste alde batetik, bertako hiru langileak: Ines (Urretabizkaia), Eider (Arriola) eta Garazi (Gil).

Zehar Kablea taldeko kideen esanetan, orain arte eskainitako herrietan “harrera ona izan du websailak”.

Zabaldu: