Aurten, Bizkaiko Bertsozale elkartearen 40. urteurrenaren baitan, sorrerako kideen beharrari aitortza egin nahi diote. Iturriza Bizkaiko Bertsozale Elkartearen sorrerako kide izan zen, 1980ko hamarkadan.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak lau hamarkada bete ditu aurten, eta ospakizunez gain, orain arteko bideari ere aitortza egin nahi diote bertako kideek. “40 urteko ibilbideari hasiera eman ziotenei eskerrak eman eta beren beharra ikusarazteko erabakia hartu dugu, eta, horren erakusle, Begoña Iturriza Zabala aurtengo txapelketako txapel emaile izatea”.
Bizkaiko bertso-eskolek beren artean batzeko hartutako erabakiaren ondorioz sortu zen 1983an egun Bizkaiko Bertsozale Elkarte legez ezagutzen duguna. “Beren lan eskergak bultzada handia eman zion Bizkaiko bertso eta euskaltzaletasunari, eta oso eskertuta gaude eurek egindako bideagatik”.
Iturriza bera ere horien artean egon zen. “Euskara etxean jaso bazuen ere, gazte zela erdi galdu egin zuen, eta berau berreskuratzeko lagun izan zuen bertsolaritza. Santutxuko bertso-eskolan eman zuen izena, eta, ordutik, bertsoak ikasten zein irakasten aritu zen hogei urtez”, azaldu du elkarteak.
Baina bertso-eskolan soilik ez, Bilbo eta inguruetako bertso saio eta ekitaldietan antolakuntza lanetan ibili izan da, betiere bertsoari lotuta. “Urte luzez aritu izan da oholtzaren beste aldetik, gehienetan, inoiz gainean izan bada ere: gai jartzen zein bertso batzuk botatzen ere. 40 urte beranduago, Iturrizak oso lotuta jarraitzen du bertso munduari. Aurpegi ohikoa da txapelketan zein bertatik kanpo”, adierazi dute.
Abenduaren 16an izango da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala Bilbon. “Hantxe ikusiko dugu Begoña txapeldunari txapela jazten”.