(argazkia: Bira Kulturgunea)

‘Oraina kontakizun’ jardunaldien bigarren edizioa 2024ko urtarriletik martxora izango da ‘erresistentzia’ hitza ardatz hartuta

Saio bakoitzean bi sortzaile arituko dira solasean, euskaratik eta euskaraz. Nork bere talaiatik abiaturik, erresistentzia hitzaren bateko eta besteko adieretan sakonduko dute eta, ondoren, euren artean eta publikoarekin solastatzeko aukera izango dute moderatzailearen eskutik.

Bilboko Zenbat Gara elkarteak eta Bira kulturguneak Oraina kontakizun jardunaldien bigarren edizioa antolatu dute elkarlanean, urtarrilaren 23tik martxoaren 5era bitartean. Oraingoan, erresistentzia kontzeptuari erreparatuko diote, “aurtengoek errelatua aztertu zuten moduan, euskal sortzaileak binaka gonbidatuta, bakoitzak gaia bere ikuspuntutik garatu eta, ondoren, aurkezle-eragile baten galderei jarraituta. Lehen edizioan bezala, lau saio izango dira: bi Kafe Antzokian eta beste bi Bira kulturgunean.

Aurtengo otsailean eta martxoan antolatu zituzten aurrenekoz Oraina kontakizun jardunaldiak Bilbon. Bertan Lorea Agirre, Harkaitz Cano, Mari Luz Esteban, Lur Albizu, Txabi Landabidea, Katixa Agirre, Jule Goikoetxea eta Maialen Lujanbio bertsolari, idazle eta kazetariek hausnartu eta eztabaidatu zuten gaur egun horrenbeste entzuten eta erabiltzen dugun errelatu hitzaren gainean: “nola sortzen da errelatua? Nork kontatu dezake? Nork ezin du? Zelako kontakizuna dugu honen eta horren inguruan?…” Jardunaldi haietan bildutako zenbait gogoeta argitaratu berri dira Durangoko Azokan, liburuxka formatuan.

“Ikasturte honetan atzera ere ibili nahi dugu bide horretan barrena. Jarraitu nahi dugu kontatzen eta entzuten, erresistentzia hitzaren inguruan oraingoan. Bi adiera ditu erresistentzia hitzak. Bateko, oztopoa, traba, zailtasuna, mesfidantza, errezeloa… aski negatiboa. Besteko, iraun, bizi, aurrera jarraitu, sortu… positiboa”, azaldu dute antolatzaileek.

Saio bakoitzean bi sortzaile arituko dira solasean, euskaratik eta euskaraz. “Nork bere talaiatik abiaturik, erresistentzia hitzaren bateko eta besteko adieretan sakonduko dute eta, ondoren, euren artean eta publikoarekin solastatzeko aukera izango dute moderatzailearen eskutik”, adierazi dute.

Ikusle kopurua mugatua izango da, 90 lagunekoa, eta aldez aurretik eman beharko dute izena orainakontakizun@gmail.com helbidera idatzita. Lau saioetarako matrikularen prezioa 25 eurokoa izango da (20 eurokoa langabeak eta ikasleak). Sarrera eta aurreko jardunaldien liburuxka 30 eurokoa. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “saio bakoitzerako sarrerak bakar-bakarrik jarriko dira salgai baldin eta edukiera matrikularekin betetzen ez bada”.

Zabaldu: