(argazkia: Euskaltzaindia)

‘Hitzal lege’ erakusketa paratu dute EHUren Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian

Maiatzaren 9ra arte ikusgai izango da bertan, eta garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak erakutsiko ditu, arlo pribatukoak zein publikokoak.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Euskaltzaindiak Hitzak Lege erakusketa ibiltaria aurkeztu dute gaur EHUren Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan (Elhuyar plaza, 22 – Donostia), eta maiatzaren 9ra arte izanen da ikusgai. Euskaltzaindiak, Eusko Legebiltzarrarekin, Nafarroako Parlamentuarekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean antolatu du proiektua.

Erakusketaren helburu nagusia Hego Euskal Herriko bost ganbera Legegileek eta Baionako Udalak gordeta dituzten euskarazko testu juridiko esanguratsuak modu erakargarrian, ulergarrian eta interaktiboan erakustea da.

Erakusketak dokumentuen informazioa duten 24 panel ditu, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak eta testu parajuridikoak. Gainera, bi panel elkarreragile, hiru panel argiztatu eta bi bitrina (jatorrizko dokumentuak erakusteko) egongo dira.

Gipuzkoari lotutako dokumentu esanguratsuen artean, honako hauek aurki ditzakegu: Hileta-ondorengo elizkizunak (Bergarako Udalbatzaren 1783ko akta baten itzulpena); Españiaco uritar constitucionalen cartilla civilla (1820); Bergarako ituna (1839); Usurbilgo ordenanantzak (1888); edo Gipuzkoako Batzar Nagusietako dokumentuak (1979-2022).

 Hitzak Lege Gasteizen, Iruñean, Bilbon, Donostian eta Baionan izan da jada eta EHUren Carlos Santamaria Zentroan maiatzaren 9ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera (Bisita-orduak: 08.30etatik 20:00etara).

Zabaldu: