Gero eta hizkuntzalari gehiagok ohartarazi dutenez, euskararen egoera oso larria da.
Ohar baten bidez, Aldatu gidoia mugimenduak kezka azaldu nahi izan du Euskal Telebistako denboraldi berriaren harira. “Zenbait gertakari kezkagarri aurkitu ditugu: Vaya semanita saioa da berritasun nagusietako bat. Bertan, aktore euskaldunak ageri dira gaztelaniaz lan egiten, beste behin. Euskal Herrian badira aski gidoilari, zuzendari, artista… euskaldun, profesional onak, euskarazko umore saioak egiteko. Erdarazko saio hori ETB1en sustatzen ikusteak min ematen du”, adierazi dute plataformako kideek.
ETBk bereziki nabarmendu duen beste saio bat Generación click dela diote Aldatu Gidoiakoek, “erdarazko izenburua aukeratu dugu, ETBk saio hori gaztelaniaz egin duelako, eta bertan gazte euskaldunak erdaraz egiten jarri dituelako. Gero, dena erdaraz egin ondoren, euskarara bikoiztu du, euskarazko bertsioa ere izan dadin. Gauza bera: badira aski profesional euskaldun on, asko langabezian, edo prekarizatuak, gauza direnak halako saioak euskaraz egiteko, eta euskararen ikuspegiarekin, gazteak bultzatuko ez dituztenak erdarara lerratzera”.
RH+ saioa ere aipatu dute “beste umore saio bat gaztelaniaz. Aktore euskaldun gehiago ikusiko ditugu espainieraz lanean”.
Vascos por el mundo saioari dagokionez, Galizan, Katalunian, Valentziako erkidegoan… Beren hizkuntzatan egiten dituzte saioak, eta elkarrizketatuek beren hizkuntzan erantzuten dute (baldin badakite, behintzat). Vascos por el mundo saioan, beste behin, dena erdaraz izanen da, ‘agur’ eta halakoak kenduta”.
Bestalde, denboraldi berriaren aurkezpenean ETB3 katea aipatu ez izana nabarmendu dute. “EITBk, beste behin, ez du egin haur eta gaztetxoak ETB3ra eta euskarara ekartzeko eduki berritu eta erakargarrien alde . 3Catk, aldiz, haur eta gaztetxoentzat eskaintza oparoa iragarri du denboraldi berrirako. Besteak beste, katalaneraz emango dira Bola de drac Super, Paw Patrol (La patrulla canina) eta One Piece telesail arrakastatsuak. Fikzio-eskaintza ere aipatu dute: dena katalaneraz”.
Euskal Telebistan, berriz, nazioarteko fikzio guztia espainieraz ematen dela salatu dute: “ETBren irizpidea da nazioarteko fikzioak euskaraz ez duela ikuslerik, eta ez duela merezi euskaraz ematea, bikoizketa-industria birrindu zuten erabaki horrekin, bidenabar. Denboraldi honetan ere ez da aldaketarik izango ETBren eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren, erabaki horretan”.
Euskararen biziberritzearen egitekoari buruz hitz erdirik ez dutela esan Euskal Telebistaren denboraldi berriaren aurkezpenean. “EITBren iraganeko agerraldi eta oharretan ere ez dugu euskararen biziberritzeari buruzko aipamenik gogoan. Hor ere aldea nabaria da Kataluniako 3Cat irrati telebista publikoarekin. Izan ere, 3Cat-k aldiro-aldiro aipatu izan du gaia ohar, agerraldi eta plan estrategikoetan.
Azkenik, euskarazko telebistari dagokionez, Nafarroa Garaian ere berri onik ez dagoela diote. “Nafarroako Gobernuak abuztuan jakinarazi zuenez, ETB3 ez du emitituko Nafarroako multiplex autonomikoaren bidez, gorabehera teknikoak direla eta. Ez du beste alternatibarik aurkeztu”.
Euskararen egoera oso larria da, gero eta hizkuntzalari gehiagok ohartarazi bezala. Azkena Kike Amonarriz soziolinguista izan da (Zenbatek egingo du euskaraz 2075. urtean?, Berria, 2024-09-07), baina ikusten denez, agintariek ez dituzte ikus-entzunezkoak erabili nahi egoera iraultzeko.
Beraz, mugimendu euskaltzaleak lanean segitu beharko duela adierazi du, “Kultura Sailari eta EITBko arduradunei dei egiten, eta kalean mobilizatzen, euskaldunen erkidegoak etorkizunik izango badu”, bukatu dute.