(argazkiak: EHU)

Silvia Perez kultur ondarea aztertzeko eta kontserbatzeko kimika arloko doktore-tesirik onenaren saria eskuratu du

Tesirako Ponpeiako parke arkeologikoko hormetako pinturen hondatzea aztertu du Perezek. Zehazki, zinabrioak ingurumen baldintza jakin batzuetan zernolako portaera dituen ikertu du. Nola kontserbatu eta nola hondatzen den.

Silvia Perezena izan da EHUko Kimika Analitikoa saileko tesi irabazlea. Lanean Ponpeiako parke arkeologikoko hormetako pinturen hondatzea aztertu du Perezek. Vesuvio sumendiak lurperatu zuen Ponpeia k.o. 79. urtean. Aztarnategiak ezaugarri bereziak ditu: sumendi erupzio baten ostean lurperatuta geratu zen eta Napoliko badian dago kokatuta, Kloruro kontzentrazio handia dago bertan, eta zinabrioa duten obren kontserbaziorako arriskutsua da. Izan ere, “zinabrioa mineral toxikoa da, baina kolore gorri bizi oso erakargarria du”, mineral horren kolorearen eraldaketa prozesuaren azterketa baloratu du epaimahaiak saria ematerako orduan.

Perezek 2022an aurkeztu zuen tesia eta Maite Maguregik IBeA Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoaren taldeko kideak zuzendu zuen. Talde hori Kimika Analitikoko saileko kideek osatzen dute nagusiki eta hainbat jarduketa arlo lantzen dituzte, besteak beste, Kultur Ondarea, diagnostiko, birgaitze eta material berrien arloan. Hain zuzen ere, arlo horretan dago espezializatuta Perez.

Ikertzaile sarituak azaldu duenez, IBeAko ikertzaileekin harremanetan jarri zen tesia egiteko, “azterketa tresna eramangarri eta laborategiko tresna asko dituzte eta askotan artelanen azterketak lekuan bertan egiten dituzte”. Pinturarekiko duen interesagatik aukeratu zuen gaia Perezek, “arlo liluragarria” iruditzen zaiolako eta bere kimikako prestakuntzarekin lotuta dagoelako: “pigmentuen hondatze eta eraldaketa prozesuak eraldaketa kimikoak dira”, zehaztu du.

Saritutako tesirako Ponpeiako parke arkeologikoko hormetako pinturen hondatzea aztertu du. Zehazki, zinabrioak ingurumen baldintza jakin batzuetan zer-nolako portaera dituen aztertu du. Nola kontserbatu eta nola hondatzen den.

Ponpeiako hormetako pinturen eta zehazki zinabrio gorriaren kontserbaziorako arriskua ebaluatzeko, tesiak bi zati ditu: lehenengo zatian “hiria suntsitu zuten material piroklastikoen (sumenditik eratorriak) azterketa xehea eta material horien haluroen kargak kontserbazioaren egoeran duen eraginaren ebaluazioa” egin du. Bigarrenean, berriz, Ponpeiako zinabrioaren mineral izaera ezagutu, hondatzea bertatik eta laborategian aztertu eta eraldaketa hobeto ulertu nahi izan du, zahartze azeleratuen bidez.

Zabaldu:

Utzi erantzuna