(argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea)

2024ko Bardoetako finalaurrekoak argitu dira jada

Sei talde hauek eskuratu dute toki bat finalaurrekoetan: Manteleko sobrak (Leitza-Altsasu-Barañain), Baztanzopak (Baztan), Argako Bixiguak (Atarrabia-Barañain), Mutilatuak (Bortziriak-Baztan), Hor gu! (Bortziriak) eta EzKrashak (Iruñerria). Urriaren 4an abiatuko da finalaurrekoetako fasea.

Hamahiru saioren ostean, 2024ko Bardoetako lehenbiziko fasea amaitu da, eta, beraz, finalaurrekoetara sailkatutako taldeen izenak zehaztu dira. Asteburuan izan ziren lehen faseko azken bost saioak, Iruñean, Erronkarin, Eugin, Atarrabian, Leitzan eta Erratzun, eta horiek bukatutakoan argitu zen emaitza. Gauzak horrela, Manteleko sobrak (A multzoko irabazlea), Baztanzopak (B multzoko irabazlea), Argako Bixiguak (C multzoko irabazlea), Mutilatuak (D multzoko irabazlea), Hor gu! (A, B, C eta D multzoetako bigarren sailkatuetan onena) eta EzKrashak (A, B, C eta D multzoetako bigarren sailkatuetan bigarren onena) izango dira finalaurrekoetan kantatuko dutenak.

Iruñeko Laban izan zen asteko lehen saioa. Bertan, etxeko EzKrashak taldea eta Bortziriak eta Baztango Mutilatuak taldea aritu ziren lehian. Bisitariek eskuratu zuten garaipena, eta horrekin batera finalerdietarako txartela ere. Antzera gertatu zen Leitzako Gaztetxeko saioan ere, bertako Manteleko sobrak eta Iruñeko Drimtim taldeen arteko saioan. Leitzarrek saioa irabazi eta bigarren puntua lortu zuten, sailkapena bermatuz. Baztanzopak taldekoek asteburuko bi saioetan lortu zuten puntua. Lehenengoa ostiralean, Erronkariko Errota Elkartean Erronkari-Iruñerriko Errimaren Matxinatuak taldearen aurka egindako saioan. Bigarrena, larunbatean Erratzuko elkartean Bortzirietako Hor gu! taldearekin aurka jokatutakoan. Dena den, azken hauek ez ziren esku hutsik joa, sailkapena ere lortu baitute A, B, C eta D multzoetako bigarren sailkatu onena gisara.

Asteburuko beste bi saioak, berriz, Eugin eta Atarrabian izan ziren. Eugiko ostatuan izandako saioan, Erroibarreko Pirini Bardo eta Sakanako Joiak aritu ziren lehian. Atarrabiako Azkena Elkartean izan zen saioan etxeko Argako Bixiguak eta Malerrekako Malerreka ez da Baztan izan ziren kantuan. Lehenbizikoek irabazi zuten saioa, eta hain justu, faseko sailkapenean berdinketa eman zen bi talde horien artean. Desenpaterako irizpideak behin ezarrita, Argako Bixiguentzat da finalaurrekoetarako txartela.

Finalaurrekoak

Joan-itzuliko formatuko hiru kanporaketa izango dira finalaurrekoetan. Guztira, beraz, sei saio izango dira, ondorengo herrietan: Irurtzunen (urriak 4), Tafallan (urriak 4), Iruñean (urriak 4), Etxaurin (urriak 12), Irunberrin (urriak 12) eta Tuteran (urriak 12). Finalaurrekoak ez dira jokatuko parte hartzen duten taldeen herrietan, baizik eta beste sei herrietan. Modu horretan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bardoak egitasmoa eta bertsolaritza Nafarroako ahalik eta bazter gehienetara eraman nahi du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna