(argazkia: AEK)

‘Euskara eroso ikasi eta bizi’ matrikulazio-kanpaina abiatu du AEKk

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan A1n, A2n eta 16-18 urteko gazteek C1en merkeago izango dute matrikula. Nafarroan ildo horri jarraituz, A1ekoek %100era arte berreskuratu ahalko dute. Ipar Euskal Herrian ere formaziorako aukera eskaintzen dute enpresek, eta langileek doan dituzte euskara-ikastaroak.

Irailarekin batera, AEKren matrikulazio-kanpaina berria iritsi da, Euskara eroso ikasi eta bizi lelopean. Azaldu dutenez, “Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea da asmoa”. Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi du AEKk, eta ikasleak handik ateratzean arlo guztietan erabiltzeko baliabideak izatea: lagunartean, familian, lanean, aisialdian…

Nabarmendu dutenez, “helburu horri begira behar-beharrezkoa da ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzea”. Matrikulazio kanpaina aurkezteaz gain, mezu hau argi eta garbi islatu nahi izan dute agerraldian: “helduen euskalduntze-alfabetatzea estrategikoa da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan, eta herritar denek dute euskaraz jabetzeko eskubidea eta ardura komunitarioa. Hori horrela, euskalduntze-prozesu osoan doakotasuna ezarri behar da euskara ikasteko eskubideari egoki erantzuteko, eta ezagutzaren beharra sozializatu behar da. Hau da, euskara ikastea doakoa eta irisgarria izan behar du Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzat. Zentzu horretan, oso era positiboan baloratzen dugu doakotasunaren bidean azken urteotan egin diren urratsak: EAEn B2 mailara arte matrikularen dirua berreskuratu daiteke, eta ikasturte honetan A2n matrikulatuko direnek ere diru gutxiago aurreratu beharko dute, HABEren sustapenari esker”.

Hortaz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan A1n, A2n eta 16-18 urteko gazteek C1en merkeago izango dute matrikula. Nafarroan ildo horri jarraituz, A1ekoek %100era arte berreskuratu ahalko dute. Ipar Euskal Herrian ere formaziorako aukera eskaintzen dute enpresek, eta langileek doan dituzte euskara-ikastaroak.

Bestalde, doakotasuna eta irisgarritasuna aipatuta, UEMArekin egin duten hitzarmena azpimarratu eta balioetsi nahi izan dute: “ikastaroak eskainiko ditugu UEMAko hainbat udalerritan, ikastetxean bertan eta doan, euskaraz ez dakiten gurasoen beharretara egokituta. Hala, ikastaro horien helburua da euskaraz ez dakiten guraso horiek euskara modu praktikoan eta eraginkorrean ikastea, seme-alaben ikastetxean bertan, haiek eskolan dauden bitartean”.

AEKk nabarmendu nahi izan du milaka herritar hurbildu direla azken ikasturteotan AEKren euskaltegietara euskara ikastera, euskara-maila hobetzera edo praktikatzera; etxeko eta lagunarteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko, eta abarrerako. “Ikasturte honetan ere zinez espero dugu herritar gehiago hurbilduko direla AEKren euskaltegietara. Euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen orok zabalik ditu euskaltegietako ateak, eroso ikasteko”.

Horri begira, AEKk 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta horien bidez beste hamaika herritara iristen da. Ikasturte honetan, adibidez, euskaltegi berriak edo berrituak izango dituzte Hendaian, Azkainen eta Lodosan.

Ikaslearen beharrizanetara egokitua dute eskaintza: ordutegiak, modulazioak, mailak… “Euskara-eskolak ematen ditugu enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan”.

Pantailen beste aldetik ere, nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du, esaterako AEKren online-euskaltegiko ikastaroen bitartez.

Informazio guztia AEKren webgunean eta sare sozialetan egongo da eskuragai; baita AEKren euskaltegietan ere.

Korrika ikasturtea

Korrika baten atarian gaudela ere gogoratu nahi izan dute, “askorik ezin dizuegu aurreratu oraindik, baina hiru gauza esateko aprobetxatuko dugu aukera hau. Bat: iaz hasi ginen 24. Korrika antolatzen, eta ilusioz beterik eta gogotsu gaude edizio berrirako. Bi: 2026ko martxoan izango da. Eta hiru: 24. edizioak sentiaraziko du euskara aterpe ireki eta erosoa dela herritar guzti-guztiontzat”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna