24 bertsolarirekin ekingo dio bideari txapelketak eta finala Donibane Lohizuneko Jai Alain izango da urtarrilaren 31n.
Bertsularien Lagunak Elkarteak Xilaba txapelketa aurkeztu du gaur Uztaritzen. “Lau urte pasatu dira azken Xilaba ospatu genuenetik. Pandemiako garai ilunetatik Xilaba argitsu batera egin nahi genuke bide. Xalbadorrek esan omen zuen argiak ez duela inon ilunpean bezainbat argitzen. Eta hura baino lehen ibilia zen Mari Luixa Erdozio ilunetan gaindi. Hainbat eta hainbat ilunpeko argi urratzaileri esker bizi da oraino bertsolaritza eta euskara gure lurralde hauetan”, adierazi dute.
Azaroaren 8an hasiko da Xilaba Bidarten eta bere bidea egingo du Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherea zeharkatuz: Domintxaine, Ainhoa, Ligi, Aiherra, Muskildi, Hiriburu, Baigorri, Bardoze eta, azkenik, urtarrilaren 31n Donibane Lohizunera iritsiko da.
Lehen fasean lau saio izango dira eta 24 bertsolarik kantatuko dute; bigarren faseak hiru saio izango ditu 18 bertsolarirekin; final aitzinekoetara 12 bertsolari sailkatuko dira; eta final egunean sei bertsolari lehiatuko dira. Parte hartuko duten 24 bertsolarietatik bederatzi emazteak izango dira, aurreko edizioan baino bi gehiago. Bertsolarien adin tartea 19 urtetik 54 urtera doa, eta bost bertsolarik lehen aldiz kantatuko dute txapelketan.
Elkarteak bidean topatuko dituzten gai-emaileak, epaileak, talde antolatzailea, komunikazio taldekoa eta saioz saio laguntzera etorriko diren bertso eskoletako kide eta orotariko lagun guztiak ere aipatu nahi izan ditu. “Gure eskerrik beroena adierazi nahi genieke, beraiek gabe ez baita biderik. Era berean, urte osoan zehar babesten gaituzten bazkide, elkarte, erakunde eta enpresa pribatuak eskertu nahi genituzke”.
Saioetako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke. Saio bakoitzean leihatila irekiko da eta bertan euskoz edo txekez ere ordaindu ahal izango da.