Donostiako hainbat espaziotan egingo da jaialdia, hala nola: Donostiako kultur etxeetan, Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan, Kutxa Fundazioa Klubean, San Telmo Museoan eta hiriko hainbat liburu-dendetan.
Azaroaren 10etik 23ra bitartean egingo da aurtengo Literaktum jaialdia Donostiako hainbat espaziotan eta urtero legez, lankidetza sare zabalarekin lanean jarraituko du jatorrizko helburuari eutsiz: literaturara hurbiltzea, egungo eztabaidei zein bestelako lengoaia eta diziplinei lotuta. Ildo honi jarraituz, Niaren oihartzunak: bakardadea eta nortasuna aro globalean izango du izenburua aurtengo jaialdiak. Antolatzaileek azaldu dutenez, “edizio honek galdera pertsonal eta unibertsal bat jarriko du mahai gainean: nola definitzen dugu gure burua mundu global batean? Bakardadea gero eta ohikoagoa da, eta nortasuna, askotan, galdua edo zatitua ageri zaigu. Literaturaren bidez, niaren oihartzunak entzun nahi ditugu, barrutik kanpora eta kanpotik barrura”.
Jaialdiak literaturaren izen ezagunak bilduko ditu eta azaroaren 4an jakitera emango diren beste egile askoren artean, Literaktumen izango da Juan Jose Millas, Ese imbécil va a escribir una novela azken eleberriarekin. Azaroaren 12an izango da Millas Okendo K.E.n, 19:00etan eta gonbidapena beharrezkoa izango ekitaldira sartzeko.
Eider Rodriguezek, bere aldetik, Dena zulo bera zen ipuin-bilduma argitaratu du eta azaroaren 14an izango da Literaktumen, Ernest Lluch K.E.n, 19:00etan. Sarrera librea izango da aretoa bete arte.
Egungo euskal literaturaren beste izen handi batek ere, Harkaitz Canok hartuko du parte jaialdian. Silueta aurkeztuko du, existitzen ez den liburu bati eginiko kritiken gainean idatzitako nobela. Okendo K.E.n izango da ekitaldia, azaroaren 19an, 19:00etan, hau ere sarrera librearekin.
Kutxa Kultur Kluben, aldiz, Laura Chivite izango da El ataque de las cabras bere lehen eleberria aurkezteko. Hitzordia azaroaren 20an, arratsaldeko 17:30ean izango da. Sarrera librea izango da ekitaldi honetan ere.
Literaktum Txikiak, berriz, ilustrazio lehiaketa hartuko du aurten ere. Lehen Hezkuntza 1-6 mailako haurrei zuzendutako lehiaketa izango da eta Gregorio Murok sortutako Iker eta Ixoneren abenturak izango dira ilustraziorako gaia. Marrazkiak Donostiako Haur Liburutegi Nagusian eta kultur etxeetako liburutegietan aurkeztu beharko dira urriaren 27tik azaroaren 11ra (biak barne).
Literaktum jaialdia Donostiako hainbat espaziotan egingo da, hala nola: Donostiako kultur etxeetan, Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan, Kutxa Fundazioa Klubean, San Telmo Museoan eta hiriko hainbat liburu-dendetan.