(argazkia: AEK-Korrika)

Pello Reparazek sortutako ‘Xiberutikan Mendebaldera’ kantak jarriko dio doinua 24. Korrikari

Arbizuarrarekin batera, Maixux Zugarramurdik eta Erramun Martikorenak hartu dute parte abestian.

Pello Reparaz (Zetak) musikariak sortu du 24. Korrikarako abestia. Halaxe jakinarazi dute gaur, Agoizko Kultur Etxean egin duten prentsaurrekoan. Arbizuarrarekin batera, Ane Elordi Korrikako arduraduna, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena izan dira agerraldian

Xiberutikan mendebaldera du izena kanta berriak eta Reparaz bera arduratu da letraz, konposizioaz eta bideokliparen zuzendaritzaz.

Ane Elordik gidatu du ekitaldia, eta zinez eskertu du Reparazen ahalegina: “Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik eta, are gehiago, musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diezun ekarpenagatik”, esan du.

Aurten, lehenengo aldiz, AEK osoak prozesu demokratiko baten bitartez aukeratu du nori egin kantaren enkargua, Elordik adierazi duen moduan: “Aurrenekoz, AEKide guztion artean erabaki dugu noren eskutan jarri Korrikaren kanta”, azaldu du.

Ondoren, Reparazek hartu du hitza eta Korrikaren abestia sinatzea bere ibilbide artistikoko “erantzukizun eta poz handienetako bat dela”, aitortu du hunkituta. “Ez da enkargu hutsa: kantaren bidez euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea da”.

Kantaren egileak 24. Korrikaren leloaren “pisu handiaz” hitz egin du: “ez gara bakarrik hizkuntzaz ari, bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara”.

Hala, kantari mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea ematen ahalegindu da musikari nafarra, “ez ereserki zurrun” batena. Entzuten duenak koru honen parte sentitu dezan nahi izan duela aipatu du.
Abesti honek jendarteari euskarara hurbiltzeko gonbita egiten dio. Bukatzeko hauxe aipatu du Reparazek kantaren helburuaz: “AEKren euskaltegietan izena ematera lehen urratsa emateko, ama bati alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera animatzeko, edota Korrikan kilometro bat  egitera – eta gure hizkuntzaren aldeko korrika egitera- sustatzeko balio badu, kantak bere funtsa beteko du”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna