Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek ‘Eskailerapekoa’ ikuskizun berria sortu dute

Umorea eta generoa ardatz hartuta, lau bakarrizketa josi dituzte ordu beteko saioan. Aurrestreinaldia otsailaren 1ean, igandea, izango da Adunan.

Mirari Martiarena (Oiartzun, 1986) eta Idoia Torregarai (Usurbil, 1974) umoregileak bueltan dira euren laugarren ikuskizunarekin: Eskailerapekoa. Diotenez, ardo ona eskatzeko era da Eskailerapekoa. Hala, eskatzea eta ardo ona bezalaxe ondu dute umoregile bi hauek euren laugarren binakako bakarrizketa. Elkarrekin oholtzan bakarrizketak egiten daramatzaten zortzi urteetan ondu dira beraiek eta euren umore fina. Ardoa bezalaxe. Ibilbide horren hurrengo koxka da Eskailerapekoa. Oraingoan ere eskailerapean, ezkutatua dauden gaiak, bizipenak, krisiak eta aukerak kontatzeko igoko dira oholtzara Martiarena eta Torregarai. “Kritika eginez, deseraikiz eta nola ez, barre eginez!”, adierazi dute.

Ikuskizun berrian 40 urteko krisia, nerabezaroa, gorputza eta mendia izango dituzte hizpide, besteak beste. Adierazi dutenez, helburua jendea barrez jartzea da, baita eragitea ere: “Umorea bide eraginkorra da gauza garrantzitsuez hitz egiteko. Zortzi urte daramatzagu Euskal Herriko txokoak alaitzen eta gogoz gatoz berriro”, nabarmendu dute.

Umoregile gipuzkoar hauek 2018an taularatu zuten lehenbiziko aldiz Bakean Dagoena Bakean Utzi ikuskizuna. 2020an, berriz, Luze Edo Motz bigarren bakarrizketarekin itzuli ziren eta 2023an Ztandap izenekoarekin. Orain laugarren binakako bakarrizketa saioarekin datoz. Eskailerapekoa lan berriaren aurrestreinaldia otsailaren 1ean egingo dute Adunan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna