(argazkia: Tartean Teatroa)

Tartean Teatroak ‘Kandida’ antzezlana estreinatuko du otsailaren 3an eta 4an, Bilboko Arriaga Antzokian

Obrak hainbat gai sakon jorratzen ditu: arrakasta lortzeko edozer egitearen mugak, bizitza baten lapurreta metaforikoa eta gure gizartean gero eta ohikoagoak diren etxegabetzeak.

Tartean Teatroak Kandida antzezlana estreinatuko du otsailaren 3an eta 4an, Bilboko Arriaga Antzokian. Patxo Telleriak idatzi eta zuzendu du obra eta Miren Gaztañaga, Nerea Mazo eta Mikel Martinez aktoreak ikusi ahal izango ditugu taula gainean.

Antzezlan berri honetan, Telleriak bere antzerki-lanetan hain bereizgarria den tonu tragikomikoa mantentzen du, hainbat gai sakon jorratuz: arrakasta lortzeko edozer egitearen mugak, bizitza baten lapurreta metaforikoa eta gure gizartean gero eta ohikoagoak diren etxegabetzeak. Azken finean, obrak galdera unibertsal, sakon eta funtsezkoei heltzen die. Kandida paralelismoz betetako istorioa da, mundu desberdinak kontrajartzen eta alderatzen dituen istorioa.

Halaxe dio sinopsiak: “Klara Balzes idazle gazteak, bere lehen nobela idatzi du: Kandida, etxegabetu bati buruzko istorio bat. Kandida fikziozko pertsonaia da, baina benetako pertsona batean oinarrituta dago. Klarak benetako pertsona hura, Manuela, kaleratutakoen aldeko elkarte batean ezagutu zuen. Nobelan, Klarak bere etxean jasoko du Kandida. Errealitatean, Klarak Manuelaren arrastoa galdu zuen betirako. Nobela argitaratzen den egunean, Manuela Klararen etxean agertuko da. Eta nobelan egin duen gauza bera egiteko eskatuko dio gazteari: bere etxean jasotzea”.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna