2024ko edizioa Lesakan

Otxandion izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 16an

Bi urtetik behin egin ohi da udalerri euskaldunen garrantzia nabarmentzeko topaketa. Otxandioko Udala eta UEMA hasi dira egunaren nondik norakoak antolatzen, Otxandioko eragileekin lankidetzan.

UEMAko kide direnez gain, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, eta aurtengoa ere horrela izatea nahi dute UEMAk eta Otxandioko Udalak. Horretarako, eta eguna ahalik eta erakargarriena izan dadin, pasa den ostegunean egin zuten lehen bilera herriko taldeekin eta eragileekin, Otxandioko Kultur Etxean. Otxandioko Kirol eta Kultur Kontseiluan bildutako eragile guztiei eman zieten UEMAk eta Otxandioko Udalak egunaren asmoen, helburuen eta nondik norakoen berri, eguna herrikoia eta arrakastatsua izan dadin elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela iritzita.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “arnasguneek eta udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena ikusaraztea, eta euskararen lurgunea babesteko eta sendotzeko beharra nabarmentzea izango da maiatzaren 16ko asmo nagusia, festa eta aldarrikapena uztartuz”.

Euskarak behar duen pizkundea

Egun osorako egitarau zabala izango dela aurreratu dute, eta ohi bezala UEMAk batzar nagusia ere egingo du egun horretan Otxandion. Horrez gain, bazkari herrikoia ere antolatuko dute egitarauaren barruan. Antolatzaileek hurrengo asteotan zehaztuko dituzte egitarauaren eta ekitaldien nondik norakoak, baina orain arte bezala herritarren, euskalgintzaren eta erakundeen arteko bilgune izatea nahi dute, UEMAren beraren izaera islatuz eta euskal herritar guztiei euskarak behar duen pizkundera dei eginez.

Zabaldu:

Utzi erantzuna