Sariketak bi sailkatze saio eta finala izango ditu.
Bertsularien Lagunak elkarteak Hernandorena bertsolari gazteen sariketa aurkeztu du. Bi urtez behin egiten duten sariketa da eta 16 eta 25 urtera arteko Euskal Herri guztiko hamabi bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Teodoro Hernandorena, sortzez Zizurkildarra Donibane Lohizunera etorri zen 1936ko gerlaren ondotik. Bidasoaz bestaldean ziharduen gisan, “gure hiru herrialdeetan ere kulturgintzaren eremuan segitu zuen lanean eta saiakera handia egin zuen bertsolaritzaren sustapenean”, azaldu dute elkarteko kideek. Bera izan zen, besteak beste, Mattin Treku eta Fernando Aire Xalbador bertsolariak Euskal Herriko plazetara atera zituena. “Haren omenez, eta Euskal Herri osoko bertsolari gazteak gonbidatzeko asmoz, sariketari Hernandorena izena ematea erabaki genuen”. Lehen edizioa orain hogei urte egin zen eta ordutik ez du etenik izan.
Gazte Xilabako ibilbidetik plazako ibilbidera jauzia ematen ari diren 25 urtera arteko gazteei, beren burua ezagutarazteko parada ematea da xedea, txapelketa handien lehiakortasunetik kanpo, lagun arteko norgehiagoka batean.
Aurtengo edizioan hamabi bertsolari gaztek hartuko dute parte: Nahia Etxeberri Lopepe (Ainhize-Monjolose), Pagoa Bidart Hirigoien (Hazparne), Araitz Katarain Mugerza (Mallabia), Josu Txoperena Iribarren (Hendaia), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Danel Herrarte Nafarrete (Aramaio), Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña), Irantzu Idoate Funosas (Hazparne), Sabin Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio), Johane Larre Salaberri (Baiona), June Aiestaran Iparragirre (Beasain) eta Izaro Bilbao Arostegi (Mungia).
Lehen sailkapen saioa apirilaren 18an izango da Pagolako Auzteia ostatuan 19:00etan eta bertsolari hauek izango ditugu entzungai: Nahia Etxeberri, Pagoa Bidart, Araitz Katarain, Josu Txoperena, Kattin Madariaga eta Danel Herrarte. Gai-emailea Aritz Bidegain izango da.
Bigarren sailkapen saioa apirilaren 24an izango da Hendaiako Enbata gaztetxean 19:30ean.
Hernandorena sariketako finala Herri urrats egunaren bezperan, maiatzaren 9an izango da Uztaritzeko Latsa gelan 19:00etan.
Sariketa ilustratzen duen irudia Mari Campistronek sortua da.