Sariaren helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzea da. Izen-ematea zabalik dago jada, eta hautagaitzak www.gladyssaria.eus webgunean aurkeztu ahal izango dira ekainaren 1era arte.
Puntueus Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak Gladys Sariaren edizio berria abiatu dute. Sari honek ingurune digitalean lanean ari diren emakume gazte euskaldunak aitortu eta saritzea du helburu, gazteentzat erreferente berriak sortuz eta emakumeen talentua teknologiaren esparruan nabarmendu.
Puntueuseko ordezkari Lorea Arakistainen arabera, “Oso harro gaude emaitzekin. Gero eta hautagaitza gehiago jasotzen ari gara eta oihartzuna ere gero eta handiagoa da; sarituei egiten dien ekarpenaz gain, gizartean duen eragin positiboa funtsezkoa da gure helburuak lortzeko”.
Gladys Saria 2021ean sortu zen, euskal ingurune digitalean erreferente berriak sortzeko helburuarekin. Bost urteko ibilbidean, gero eta interes handiagoa piztu du, eta horren erakusgarri da urtez urte aurkeztutako hautagaitza kopuruak izandako hazkundea.
Hasiera hasieratik, sariaren helburu nagusia emakume gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzea izan da. Zentzu horretan, Olatz Arbelaitz EHUko Informatika Fakultateko ordezkariak hezkuntzatik hasitako aniztasunaren garrantzia nabarmendu du: “Etorkizun hurbilean izango ditugun erronka teknologikoei aurre egiteko ezinbestekoa izango da lantaldeak anitzak izatea, eta hori posible izan dadin, ezinbestekoa da informatika eta teknologia ikasketetara gerturatzen den ikaslegoa bera ere anitza izatea”.
VI. edizioko xehetasunak
Antolatzaileek zehaztu dutenez, “edizio berri honetan 40 urtera arteko emakumeek parte hartu ahal izango dute; ingurune digitaleko edozein arlotakoak izan daitezke. Hautagaiek bere burua aurkez dezakete sarira, baina edozeinek proposatu ditzake hautagaiak. Sari bakarra izango da eta epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa, egin duen ibilbide profesionala, eta emakumeak sektorean inspiratzeko eta ahalduntzeko gaitasuna”.
Izen-ematea zabalik dago jada, eta hautagaitzak www.gladyssaria.eus webgunean aurkeztu daitezke ekainaren 1era arte. Irabazleak 4.000 euroko ordainsaria jasoko du.