Aitor Vinagreten 'Pelikuleroa' antzezlana

‘Gabia’ antzerki ziklo berria igandean abiatuko da Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean

Ekimenaren bidez, IAKk antzerki garaikidearen aldeko apustua indartu nahi du, ikusleari ez ezik, sortze-prozesuari berari ere balioa emanez. Aitor Vinagreten Pelikuleroa antzezlanarekin abiatuko da zikloaren lehen edizioa.

“Gabia kolpearen eta erantzunaren arteko harremanetik sortzen den proposamena da: ekintza eta erreakzioa, tentsioa eta askapena etengabe gurutzatzen diren espazioa, antzerkiaren eta antzezlanaren baitan”, adierazi dute Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneako kideek. Hortik dator IAKek antolatu duen ziklo berria.

Gabia igande honetan, apirilak 19, abiatuko da, 19:30ean, Aitor Vinagreten Pelikuleroa antzezlanarekin. Eszenatoki hutsa eta mugimenduan dagoen gorputz bat abiapuntu hartuta, ahotsen eta irudimenaren bidez dena eraldatzen duen proposamena da. Pelikuleroa ikuslea jolasteari inoiz utzi ez dion pertsona baten buruan murgiltzera gonbidatzen duen ikuskizuna da: egunero Spielberg-en film batean balego bezala bizi den pertsona baten unibertsoa. Bertan, irudimenezko leherketak, gertaera epikoak edo zinema-maitasun istorioak posible dira, errealitatea motz geratzen den eta sormenak dena betetzen duen mundu batean.

Zikloak maiatzaren 17an izango du jarraipena, Gontzal Uriberen Prospektus Vitae lanarekin. Proposamen honek errealitatea zatitan aurkezten du, puzzle bat izango balitz bezala: oraindik bizirik dagoen zerbaiten autopsia publikoa balitz bezala. Beldurrak, ametsak eta bizipenak nahastuz, identitatearen eta testuinguru sozialaren inguruko gogoeta proposatzen du, tonu ironiko eta probokatzailearekin.

Gabia zikloaren bidez, IAKk antzerki garaikidearen aldeko apustua indartu nahi du, ikusleari ez ezik, sortze-prozesuari berari ere balioa emanez.

Zabaldu:

Utzi erantzuna