Malen Agirre artistaren erakusketa maiatzaren 14ra arte egongo da ikusgai Donostiako Ekain Arte Galerian.
Donostiako Ekain Arte Galeriak Malen Agirreren Larrosak eta Oiloak erakusketa ireki du. Honetan, pintura bidezko proposamen intimo eta pertsonala aurkezten du artistak, identitatea eta pertenentzia ardatz hartuta.
Olioz margotutako koadro sorta honek itxuraz sinpleak diren eszenak ditu abiapuntu, baina egileak berak adierazi duen moduan, irudi horietan badago zerbait sakonean propioa dena: “ni naiz arrosa eta ni naiz oiloa”. Serie hau pintatzeko lan prozesua ohiko paisaiaren hausnarketatik eta barne espazio intimoaren begiradatik pixkanaka agertu diren esanahi geruza aintzetatik sortua da.
Proiektuak memoria, identitatea eta iruditeria kolektiboa jorratzen ditu, sorkuntza pausatu eta kontziente baten alde eginez berehalakotasun digitalaren aurrean. Agirrek ikerketa, artxiboa eta irudi digitala pintura bezalako teknika tradizionalekin uztartzen ditu, iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa sortuz. Bere lanaren ezaugarri nagusietako bat prozesuari ematen dion garrantzia da: denbora, materialtasuna eta konpromisoa lehenesten ditu.
Testuinguru sozial kritiko bati erantzunez, jatorrira itzultzeko eta funtsezkoarekin berriz konektatzeko beharra planteatzen du, bizitza, edertasuna eta duintasuna birpentsatuz. Proiektuak komunitatearekiko lotura sustatzen du erakusketaren eta bitartekaritza artistikoaren bidez, hausnarketa kritikoa, jasangarritasuna eta kultura zein ezagutza partekatuaren indartzea bultzatuz, komunitatearen parte-hartzea eta elkarrizketa sustatuz etorkizun jasangarriago baterantz.
Malen Agirre Arte Ederretan lizentziatu zen eta Estanpazio Digitaleko graduondokoa egin zuen. Bere ibilbidean zehar, hainbat erakusketa antolatu ditu, besteak beste Zarauzko Arkami galerian, Donostiako Ekain galerian eta Mallorcako Sa Tafona galerian (hurrengoa).