Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izango dira Nafarroako ordezkari Euskal Herriko Eskolartekoan.
Leitzako Atekabeltz gaztetxean jokatu zen larunbatean Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren 40. edizioa. Hamar bertsolarik hartu zuten parte txapelketan, ondorengoek: Aner Arkauz Lazkano (Lakuntza), Ekain Telletxea Odriozola (Donamaria), Enaitz Zestau-Telletxea (Bera), Ibai Letona Garaikoetxea (Iruñea), Iradi Goñi Montiel (Sarriguren), Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Maddi Barandiaran Leitza (Bakaiku), Olaia Leitza Errazkin (Arbizu) eta Xabier Arkauz Lazkanok (Lakuntza). Eki Mateorenak aurkeztu zuen saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Nerea Bruño, berriz, epaile lanetan aritu ziren.
Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, lau bertsolari pasa ziren bigarren fasera: Ekain Telletxea, Enaitz Zestau, Kattalin Lizarraga eta Kattin Madariaga. Bigarren fase honetan, zortziko txikian ofizioka aritu ziren bertsolariak. Ostean, lau bertsolarietatik bi sailkatu ziren buruz-burukora: Kattalin Lizarraga eta Kattin Madariaga. Ganbarako ariketan, puntu banari erantzun zioten, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu ziren, bertso bana kantatuta.
Azkenean, Kattin Madariagak bildu zuen puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Kattalin Lizarragak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.
Madariagak Xabat Illarregi Marzol Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapeldunaren eskutik jaso zuen txapela. Beste sari bat ere izan zen Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, Oinak buruan saria. Kasu honetan, Kattalin Lizarragak irabazi zuen sari hori.