Loraldia Eskolaren topaketak euskal kulturaren transmisioa hezkuntzan lantzeko gakoak aztertuko ditu

Laugarren topaketak ikuspegi praktikoa, lankidetzazkoa eta aplikagarria izango du, kultura planak, transmisio estrategiak eta tresna zehatzak partekatzeko. Doako jardunaldia izango da, izen-ematea zabalik dago eta plaza kopurua mugatua da.

Loraldia Eskolak laugarren topaketa egingo du maiatzaren 8an, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Aretxabaletan. Jardunaldiak hezkuntza komunitateko eta kultura arloko profesionalak bilduko ditu galdera nagusi baten bueltan: Nola landu eskoletan euskal kultur transmisio estrategiak? Hausnarketa partekatua sustatzerekin batera, helburua gaurko hezkuntza errealitatean aplikagarriak diren bideak, tresnak eta aliantzak mahaigaineratzea da.

Topaketa ikastetxeetako zuzendaritza taldeei, normalizazio arduradunei, irakasleei, hezkuntza-erakundeei eta euskararen erabilera zein kultur transmisioa sustatzen duten eragileei dago bereziki zuzenduta, eta balio nagusietako bat da profil ezberdinak espazio berean elkartzea: hezkuntza arautuko profesionalak, unibertsitateko irakasleak, hizkuntza eta kultur transmisioan lanean ari diren arduradunak eta esperientzia zehatzak garatzen ari diren adituak. “Elkarrengandik ikasi, sareak indartu eta norberaren testuingurura eraman daitezkeen ideiak partekatzea da helburua”, antolatzaileen esanetan.

Topaketa maiatzaren 8an izango da 9:30etik 13:00etara, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusean. Izena eman nahi duenak hemen du aukera.

Zabaldu:

Utzi erantzuna