Emanaldiak ostegunetik igandera izango dira. Jaialdia ohi bezala, hiriko hainbat taberna eta espaziotan izango da. Edizio honetan ere Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren aurtengo deialdiko obra irabazlea ere ikusteko aukera egongo da: Idoia Garzesen eta Mikel Martinezen Taxi antzezlana.
Donostia Kulturak, kultur etxe sarearen bitartez, Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren edizio berri bat aurkeztu du. 25. edizioa izango da maiatzaren 7tik 24ra bitartean egingo dena. Ohikoa den bezala, formatu txikiko antzerki ikuskizunen askotariko proposamenak osatuko dute programa, hiriko antzerki programazioa herritarrei hurbiltzeko helburuarekin. Saioetan bakarrizketak, magia, umorea eta antzerki emanaldiak izango dira.
Antolatzaileen esanetan, “jaialdiaren helburu nagusia da askotariko antzerkia hiriko auzo guztietara zabaltzea, bai haren ohiko jarraitzaileei, baita tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari ere. Jaialdiaren bereizgarria da antzerkigintzan ohikoak ez diren agertokietan saioak programatzea, esaterako, tabernetan eta beste lokal batzuetan. Hala, antzerkia jendearengana gerturatzeaz gain, formatu eta proposamen berriekin esperimentatzeko aukera gertatzen da ere”.
Poltsiko Sorkuntza saria
Aurten ere Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdiko irabazleak hartuko du parte. Jasotako proiektuen artean, Idoia Garzesen eta Mikel Martinezen Taxi antzezlana izan da irabazle. Bigarren postuan finalista Euskal musikarekin, kontuz! antzezlana izan da, Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierberen eskutik.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, “35. edizioak programazio zabala eta askotarikoa aurkeztuko du, non umore, magia, bakarrizketa eta musika ikuskizunez gozatu ahal izango den”. Formatuen eta hizkuntzen aniztasuna da bere ezaugarririk nabarmenetako bat, bakarrizketak, bikarrizketak, umorea, magia eta proposamen hibridoak konbinatuz euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, jaialdiak umoretik eta kritikatik jorratutako gaur egungo gaien aldeko apustua egingo du, hala nola, Alazne Etxeberriak antzeztutako Artificial lanaren teknologia, edo La Garua konpainiaren Hermanas Castillejos lanaren giza harremanak, era guztietako publikoentzako programazio hurbil eta irisgarria sendotuz.
Aipatzekoak dira, halaber, Peio Rivasen eta Maga Gisell-en magia ikuskizunak, Diego Peña eta Manu Badenesen bakarrizketak, eta Ugaitz Alegria eta Getari Etxepareren Destiny Driver lanak, Gilkitxaro konpainiaren Alperrak, tunanteak eta maleanteak, edota Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren Eskailerapekoa.
Guztira, 17 konpainia arituko dira eta 30 emanaldi egingo dituzte. Emanaldiak hiriko 27 espaziotan banatuko dira.
Amaiera festa jaialdiaren azken ostiralean, maiatzak 22, izango da, Convent Gardeneko kriptan. Bertan, Demode Quartet taldeak A kupela show-a eta Los gandules taldeak Extravagancia obra eskainiko du.
Egitaraua, hemen.