(argazkia: Eusko Ikaskuntza)

Maddi Alberdik irabazi du Eusko Ikaskuntza Gazte Saria

Ikerketak Latinoamerikako feminismoaren erreferente nagusietako bat den Marcela Lagarderen kontzeptu analitikoak euskal testuingurura egokitzea ahalbidetuko du.

Maddi Alberdi San Martinen (Eibar, 1999) Gatibutasunetik askapenera: Marcela Lagarderen feminismoa eta euskal emakume abertzaleen bizipenak elkarrizketan izeneko proiektuak irabazi du 2026ko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria. Epaimahaiak aurkeztutako proposamenaren “ikuspegi teoriko berritzailea” azpimarratu du. Alberdi Gizarte Laneko graduduna da, eta masterra du Europako Herrien Burujabetzan, EHUren eskutik.

Ikerlan saritua egilearen doktorego-ikerketaren barruan kokatzen da, eta dagoeneko material enpiriko zabala bildu du. Tesiaren xede nagusia euskal nazionalismoaren eta feminismoaren arteko lotura aztertzea da, emakume abertzaleen ikuspegi eta bizipenak oinarri hartuta. Fase honetan, Marcela Lagarderen (1948) kontzeptu analitikoak —Mexikoko antropologo eta ikertzailea, Latinoamerikako feminismoaren erreferente nagusietako bat— euskal testuingurura ekarriko dira, bi testuingururen arteko elkarrizketa sustatuz.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, “proiektuaren berrikuntza nagusia euskal errealitatea ikuspegi transnazional batetik pentsatzea da, Latinoamerikako teoria feministaren eta tokiko esperientzien arteko elkarrizketa sustatuz”. Horrela, proiektuak “euskal gizartea ulertu, azaldu eta pentsatzeko kontzeptu eta ikerketa berriak ekartzea” du xede.

Gazte Sariak, 6.000 euroko zuzkiduraz eta aitortza publikoaz gain, aukera emango dio Alberdiri egonaldia egiteko Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Genero Ikasketen eta Ikerketen Zentroan (CIEG). Bertan, Lagarderen pentsamenduan sakonduko du, eta haren marko teorikoa euskal errealitateari buruz bildutako datuen analisiarekin elkarrizketan jarriko du. Ildo horretan, ekarpen bikoitza egingo du: alde batetik, doktorego-ikerketa aberastea, CIEGeko ikertzaileen ekarpen eta ikuspegiekin batera, eta, bestetik, Lagarderen teoriari ekarpena egingo dio, euskal testuinguruarekin harremanetan jarriz eta haren balio analitikoa indartuz.

2026ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren banaketa Humanitate, Kultura, Arte edo Gizarte Zientzietako ibilbide nabarmenena saritzen duenarekin batera egingo da (ebatzi gabekoa), oraindik zehaztu gabeko data batean egingo den ekitaldi publikoan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna