Arte eszenikoen ertzetan eta hizkuntza berrien bilaketan erreferente gisa finkatuta, Eztena jaialdiak bere 18. edizioa ospatuko du ekainaren 5etik 7ra.
Ohiko konbentzioetatik ihes egiten duten proposamenekin, aurten ahotsa eta polifonia izango dira Eztena jaialdiaren gai nagusia, egitarau osoa josiko duen hari gisa. “Ikuspegi honek kantuaren mugak gainditu eta ahotsa tresna, materia eta sormen-espazio gisa arakatuko du herriko kale eta aretoetan, askotariko antzerki, dantza eta musika emanaldiekin”, aurreratu du Eztenako lantaldeak.
Motorrak berotzeko, Eztenak irekiera ekitaldia antolatu du maiatzaren 16an, 17:30etik aurrera, Mikelazulon (Beheko Kalea, 4, Errenteria). Bertan, 2026ko egitarau osoa aurkeztuko dute eta bi emanaldi berezi izango dira: AH (Ahots Hutsez) bost ahotsetara landutako polifonia taldearen kontzertua eta J.B. Pedradasen (Javier Barandiaran) La Fiesta Fiesta pieza, dantza eta antzerki “arraroaren” bidez nahasmendura gonbidatzen duen proposamena. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Eztenaren bereizgarrietako bat arte eszenikoetan formakuntza eskaintzea da. Bide horretan, aurtengo plater nagusia Laia Estruch artista entzutetsuaren eskutik dator. Nazioartean oihartzuna duten MACBA edo Museo Reina Sofia bezalako erakundeetan aritu den sortzailea. Gorputzaren eta entzutearen bidez, soinu-adierazpen forma berriekin esperimentazioa lantzeko laborategi performatiboa izango den formakuntza eskainiko du ekainaren 4tik 6ra, Niessen Kulturgunean. Saio hauek adin nagusiko edonori zuzenduta egongo dira eta izen-ematea maiatzaren 30era arte egongo da zabalik, ikastaroakeztena@gmail.com helbidera idatzita. Formakuntzan parte hartzea doakoa izango da.
Askotariko sortzaileak
Jaialdiaren asteburu nagusian, ekainaren 5etik 7ra, askotariko sortzaileek ahotsaren dimentsio performatiboa arakatuko dute, dantza, musika eta antzerki emanaldiekin.
Ostiralean, Peru Galbete, Andrea Berbois eta Victoria Aime/ El temblor igoko dira agertokira. Larunbatean, berriz, Laia Estruchen lantegiaren emaitzaz gozatzeko aukeraz gain, Maria Ibarretxe, Tartar kolektiboa eta Parasite kolektiboaren lanak ikusi ahal izango dira. Azkenik, igandean, Macarena Recuerdaren eta Nazario Diazen emanaldiek itxiko dute jaialdia.
Sarrerak
Jaialdirako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko eztena.eus webgunean. “Aurten ere, Eztenak bereziki eskertu eta bultzatu nahi du Eztenakideen babesa. Eztenakideek prezio murriztua izango dute ordainpeko emanaldi guztietan. Horrela, ostiraleko emanaldietarako sarrera (bakarra hartu beharko da bi ikuskizunetarako) 8 euroko prezio orokorra izango du, eta 5 eurokoa Eztenakideentzat. Larunbat arratsaldeko emanaldiak doakoak izango dira publiko guztiarentzat, edukiera bete arte, eta gaueko emanaldirako sarrera Mikelazulon bertan eskuratuko da”, azaldu dute.
Igandeko emanaldien sarrerari dagokionez, ikuskizun bakoitzak 8 euroko prezio orokorra izango du (5€-ko prezio murriztua Eztenakideentzat). Jaialdi osoan zehar Eztenakide, edo jaialdiaren babesle, egiteko aukera izango da emanaldi guztien atarian.
Aniztasuna eta berrikuntza bultzatuz
Eztena arte eszenikoen jaialdia 2008an sortu zen Errenterian, Mikelazulo eta Zizt! kultur elkarteen ekimenez, eta Errenteriako Udalaren laguntzaz. Jaialdiaren helburua da edukietan, formetan eta antolakuntza moduetan arriskuak hartzen dituzten konpainia eta sortzaileei plaza bat eskaintzea. Urtez urte, Eztenak arte eszeniko garaikidearen aniztasuna eta berrikuntza bultzatu nahi izan ditu, esperimentaziorako eta hausnarketarako gune bat proposatzeko helburuz.