Blokeak lau film biltzen ditu, garai eta geografia ezberdinetako kolektiboek sinatuak: Zikloa Sanrizuka: Heta Buraku-no Hitobito, Nightcleaners, Kukuaren kanta eta The Last Angel of History.
Elias Querejeta Zine Eskolako Komisariotza Zinematografikoko ikasleek Aztarnak zikloaren bigarren film-multzoa antolatu dute Etorkizun kolektibo bat konposatzeko notak izenpean.
Azaldu dutenez, “bigarren zati honek letra larriz markatutako egiletzatik urruntzen diren lanetan jarriko du begirada, sorkuntza kolektiborako moduak esploratzeko. Zentzu horretan, Etorkizun kolektibo bat konposatzeko notak lau filmek osatzen dute, eta elkarrekin egindako aldarrikapenetik eta keinu eta begiraden gurutzaketatik sortzen dira. Beste etorkizun batzuk irudikatzen eta borrokatzen dituzten pertsonen batasunetik eta erresistentziatik sortzen den zinema”.
Blokeak lau film biltzen ditu, garai eta geografia ezberdinetako kolektiboek sinatuak. Zikloa Sanrizuka: Heta Buraku-no Hitobito (Sanrizuka: Bigarren gotorlekuaren nekazariak) (Ogawa Productions, Japonia, 1971) filmarekin abiatuko da, Naritako aireportua eraikitzearen aurkako nekazarien borroka dokumentatzen duena; Nightcleaners (Berwick Street Collective, Erresuma Batua, 1975) lanarekin jarraituko du, Londresko gaueko garbitzaileen erretratua eta sindikalizazio saiakeraren ingurukoa; Kukuaren kanta (Lergako biztanleak, Euskal Herria, 2025), Nafarroako herri baten eta bere komunitatearen autorretratu filmikoa; eta The Last Angel of History (Black Audio Film Collective, Erresuma Batua, 1996), zientzia fikzioa, funk ziberkultura eta diaspora afrikarra lotzen dituen esplorazio afrofuturista.
Emanaldietarako sarrera librea izango da edukiera bete arte. Donostiako EQZEren zinema-aretoan izango dira, Tabakalera eraikinaren beheko solairuan, maiatzaren 10ean, ekainaren 7an eta uztailaren 5ean, igandeetan, 17:00etan. Saio bakoitzaren ondoren, zinemaren ondoko aretoa esperimentazio laborategi bihurtuko da, eta, bertan, publikoak lan kolektibo baten sorkuntzan parte hartu ahal izango du.
Aztarnak zikloa
Ziklo honek gure orainaldia zeharkatzen duten arrasto eta seinaleetatik abiatuta etorkizun posibleak imajinatzeko esplorazio-gune gisa proposatzen du zinema. EQZEko Komisariotzaren zortzigarren promozioko ikasleek sortu eta garatutako ekimena da, lan prozesu partekatu baten emaitza.