Gipuzkoarrak Jürg Schubiger idazle suitzarraren Als die Welt noch jung war lana euskarara ekarri beharko du. Horretarako, Naroa Zubillaga mentorearen laguntza izango du.
Arkaitz Uranga Urbietak (Mendaro, 2002) irabazi du nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko beka. Epaimahaiak hirugarren deialdi honetara aurkeztu diren sei gazteetatik aukeratu du itzultzaile gipuzkoarra. Orain, Jürg Schubiger idazle suitzarraren Als die Welt noch jung war lana osorik itzuli beharko du, eta horretarako Naroa Zubillaga itzultzailea eta EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioko graduko irakaslea izango du mentore, itzulpen-prozesuan laguntzeko.
Hizkera herrikoitik gertu
Ainhoa Mendiluze Ormaetxeak, Ibai Sarasua Garciak eta Naroa Zubillaga Gomezek osatu dute epaimahaia, eta adierazi dutenez, “aurtengo edizioan proposatutako lanaren ezaugarriak ahozkotasuna eta hizkera herrikoitik gertu dagoen erregistroa dira. Istorio laburrek osatzen dute Jürg Schubiger-en testua, eta haien bidez, elkarrizketa biziak eta adeitsuak sortzen dira narratzailearen eta irakurleen artean. Itzultzaileak ederki islatu du hori guztia alemanetik euskaratutako pasartean, dagokion adierazkortasun linguistikoa erakutsi baitu. Testuaren erritmoa errespetatu du, eta naturaltasunez bete du, hizkera freskoa eta sinesgarria erabiliz”.
Urangak EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioko gradua ikasi zuen 2020tik 2024ra bitartean, eta ondoren, Euskal Kulturaren Eragiletza Masterra Arrasateko Unibertsitatean. 2025az geroztik euskara teknikaria da Eibarko Udalean.
Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du liburua, eta, harekin lankidetzan, Iruñeko Udalak eta EIZIE elkarteak urtero antolatzen dute Minaberri beka: gehienez 30 urte dituzten itzultzaile hasiberriei dago zuzenduta, itzulpena sustatu, itzultzen diren testuen eta lanen kalitatea bermatu eta irakurketa bultzatzeko. Bekaren irabazleak 3.000 euro jasoko ditu, Cedro erakundeak babestutako mentoretza jasoko du, eta hark itzulitako lana argitaratuko da.